Irakasleak eta ikasleen familiak elkar komunikatzeko kanal ofizialak eta ordutegiak arautuko ditu Galiziako Gobernuak, eta tartean Whatsappa debekatuko du. Euskal Herrian ere badira neurri bera hartua duten ikastetxeak, edozein unetan edozein saretatik iristen diren eta berehalako erantzuna espero duten mezuez aspertuta.
Gauez etxerako lanak bidali dituen irakaslea edota desordutan premiazko erantzuna eskatzen duen gurasoa. Adibide horiek jarri ditu Galiziako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, komunikazioak arautuko dituen legea argudiatzeko: “Ez da zentzuzkoa”. Hezkuntza komunitateak deskonexio digitalerako duen eskubidea bermatzea da helburua. Inikaren moduko aplikazio galiziarraren (Abalar-en) garapena izango da komunikaziorako ezarriko den kanal digitala eta berau erabiltzeko ordutegi jakin batzuk izango ditu.
Euskal Herrian ez dago halako araudirik hezkuntza komunitatean, baina ikastetxe batzuek aurre hartu diote egoerari. Horietako bat da Gasteizko Judimendi eskola. Irakasle batzuek Whatsapp taldea zuten familiekin komunikatzeko, beste batzuek ez, eta halako taldeek ekartzen zituzten arazoak ikusita, klaustroak erabaki zuen talde horiek kentzea eta Whatsapp bidezko komunikazioak bukatzea irakasle-familien artean. “Hasieran erresistentziaren bat izan zen, baina aspaldi gainditu genituen”, azaldu dio ARGIAri Aitor Idigoras ikastetxeko zuzendariak.
"Ikastetxe gehienon ateak zabalik daude, goizean lanera iristean ordenagailua piztu eta emailak erantzuteko aukera ere hortxe dugu, ez al da nahikoa?"
Komunikazio digitalaren inguruko gogoeta abiatu zuten ikastetxean eta hori izan da emaitzetako bat. Gogoeta hasi aurretik, hala mintzatu zitzaigun Idigoras: “Ateak ixten eta mugak jartzen hasi behar dugu, zehaztu behar dugu noiz eta zertarako erabili nahi ditugun Whatsappa, Telegrama, sare sozialak… Azken finean, ikastetxe gehienon ateak zabalik daude, goizean lanera iristean ordenagailua piztu eta emailak erantzuteko aukera ere hortxe dugu, ez al da nahikoa? Komunikazioa eta lana erraztearen aitzakian, noraino helduko gara bestela? Deskonexio digitalaz mintzo gara, hain juxtu gehiegizko konexio digitala dugulako. Eskolako kideen eta familien mezu gainkarga dugu, eta azkenerako, horrek mezu guztiak lausotzen eta berdintzen ditu, ez dugu bereizten zer den inportantea, benetan erantzun azkarra behar duena, eta gainerakoa”. Eta azkenean, guztiari erantzuten amaitzen du batek baino gehiagok, egokiak ez diren orduetan, besteak beste gaur egungo gizartearen abiaduran berehala erantzuteko presioa dagoelako: “Ez baduzu segituan erantzuten, beste aldean norbait urduri jartzen da”.
Txanponaren beste aldea
Gauzak ez dira zuri ala beltz, garbi du Aitor Idigorasek, eta familiekin aritzeko edota komunikazioak familiei helarazteko arazo gehien justu zaurgarritasun handia duten familiek pairatu ohi dituztela gogoratu du: “Ohitura digital jakin batzuk eta baliabide mugatuak dituzte, eta maiz email bidezko komunikazioa ez da erraza”. Guztia paperez egin daiteke, baina sarri ez da nahikoa, eta aitortu du familia ugarik ez duela emaila erabiltzen, ez dutela eskolako emaila irakurtzen.
Komunikazio digitalaz gogoeta abiatzear zutela elkarrizketatu genuenean ere, antzera hitz egin zuen: udari begira, adibidez, zailtasunak dituzten ikasleei edota zaurgarritasun egoeran daudenei adierazten die oporretan beragandik laguntzaren bat behar badute, lasai jartzeko harremanetan, hiru hilabeteko “hezkuntza deskonexioa” oso handia dela eta haur eta gazte batzuengan bereziki eragina duela jakitun. “Militantzia puntu bat dugu, ohikoa da zaurgarritasun egoeran dauden ikasleekin aritzen garenon artean”.
"Aldi berean, familia zaurgarrienek ohitura digital jakin batzuk eta baliabide mugatuak dituzte, eta maiz email bidezko komunikazioa ez da erraza"
Instagrami agur
Ikastetxean egindako gogoetaren beste emaitza bat ere azaldu du Idigorasek: eskolako Instagrama kendu dute, “marketin elementu bat baino ez dela ulertuta”. Izan ere, nahiko ohikoa da ikastetxeak sare sozialetan jardutea eta ekintza honetako eta besteko argazkiak igotzea, eta horrek hainbat ertzetako ondorioak ditu. “Digitalizazioak ekarri du hezkuntzaren eskaparatismoa, eskolaren gainesposizio bat dugu eta badirudi curriculumak eskatzen duen azken produktu horrek, ikasleek garatutako proiektuen azken emaitza horrek, ikusgarria izan behar duela, gurasoei erakusteko, Instagram eta gainerakoetan zabaltzeko. Zenbat denbora galtzen den, edukietan zentratu beharrean, emaitza itxuroso geratu dadin, digitalki ‘salgarria’ izan dadin; presio hori ere badago ikastetxe askotan”, uste du Judimendiko zuzendariak.