‘Welcome to Fabulous Gasteiz’

Behe Banda

2026ko martxoaren 2an - 06:56
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Goizean goiz, eta gau luzeenetan, sortzen dira galdera potoloenak. Zergatik hau eta zergatik bestea, noiz, noiztik eta noiz arte, eta batez ere, nork demontre sortuko ote zuen esnagailuaren burrunba makabro hori. Galtzak jarri eta saltoz etxetik atera, betileak erdi itsatsita eta kafea termoan tren geltokira korrika. Parean egoten da, egunero bezala, gizon talde erraldoia, zigarroa eskuan eta ilara bat osatzen. Ilara txukuna, haiek ez hainbeste.

Zortziak ematear daude eta haiek zain daude, baina zertxobait urduri, Codere dioen kartelpean bata bestearen atzean. Eskuei ke usaina darie eta traje dotoreak janzten dituzte, batek baino gehiagok maletina eta guzti darama. Txirrinak jotzen duenean, eskolako haurrak bezala sartzen dira barrura ziztu bizian. Ni parean, barnean nire galderak potolotzen.

Auzora heldu nintzenean ezagutu nuen lehen lokal hau, baina harrez gero beste hamaika ireki dituzte inguruan. Atarian neoizko argiak eta kartelak, atean beti arropa iluna eta praka estuak daramatzan tipoa zutik, isostatiko. Tokiari berezko zaizkio gorria eta beltza, eta gorria; eta beltza. Bai eta gorria ere. Beirateak itsututa barruan gertatzen dena ez dezan inork igarri, ala barruan daudenek ez dezaten kanpokorik sumatu akaso. Goizean goizetik eta gau luzeenetaraino irekita.

Bi hilabetetik behin beste bat irekitzen dute. Eskoletatik urrun, baina ez hainbeste. Adinez nagusientzat bakarrik, gehienetan. Auzo langilearen soinu banda bilakatu dira

Ez dira bakarrik gizonak izaten ilara horretan, noski. Gizonak, emakumeak, gazteak, agureak; den denak egoten dira une batean edo bestean. Goizetan batzuk, arratsaldez lan egiten dutenak ziur aski, eta bazkal ostetik aurrera besteak. Asteburuetan giroa sekulakoa da, tragoa bertan merkeagoa dela diote batzuek baina zalantzarako tartea handia da oso. Propaganda bikaina egiten dute, ezin daiteke uka.

Auzo aberatsetan ez dut horrelakorik ikusi, txalet artean erruletan aritzeko lokal bat, blackjackean apustu egitekoa edota txanpon-makinaz betetako tabernatzarrik. Nire auzoan bai, ordea. Nirean, zurean, auzo langileetan. Lokalak. Lokalak eta makinak betiko tabernetan. Lokalak, makinak, eta loteria botatzeko kioskoak. Nork jolasten duen badakit, eta nork irabazten duen esan gabe doa.

Hasia naiz imajinatzen etxe azpiko kalea Las Vegas balitz bezala, edo Monako. Auto dotoreak errepideetan, argiz betetako eraikin nabarmenak, kurbaz eta beiraz beteak. Iturri erraldoiak, Eiffel dorrearen kopia bat, xanpain botilak irekitzen une oro eta kartekin ibiltzen diren malabaristak. Ohartu naizen arte ezetz. Ez garela Macaun bizi, hemen iturriak neguan mozten dituztela, autoek hogei urte dituztela eta bizilagunak Mercedesen lan egiten duela.

Bi hilabetetik behin beste bat irekitzen dute. Eskoletatik urrun, baina ez hainbeste. Adinez nagusientzat bakarrik, gehienetan. Auzo langilearen soinu banda bilakatu dira, aspalditik, eta isilik kale paisaian kamuflatzen diren hegazti sarraskijaleak bezala kamuflatzen ikasi dute. Parean ni, irmo.

Galdera orduan da inoiz baino ezin potoloagoa. Nork jarri ditu hemen. Nork, norentzat eta zertarako. Zergatia soberan dakigu.


Gizartea kanalean gehiago
2026ko martxoaren 4
Lurraldea eta arkitektura
Denise Scott Brown

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.