Mobilizazioak eta Arabako campusa itxita Voxen ekitaldiaren aurrean

  • Vox alderdi ultraeskuindarrak EHUko Gasteizko campusean agerraldia egingo du astelehen eguerdian. Horren aurrean, unibertsitateko Errektoretza Taldeak campusa “hustea” erabaki du. Ikasle Antolakunde Sozialista campusean bertan mobilizatuko da, eta LAB, Steilas eta ELA sindikatuak Andre Mariaren plazan.

Gedar

2026ko otsailaren 23an - 10:09
Azken eguneraketa: 17:19
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Otsailaren 23an, astelehena, 45 urte betetzen dira Madrilen Antonio Tejero guardia zibil eta militarra estatu kolpea ematen saiatu zenetik. Hain zuzen, efemeride esanguratsua erabili du Vox alderdi ultraeskuindarrak EHUko Gasteizko campusean agerraldia egiteko, 12:30ak aldera. Horren aurrean, EHUko Errektoretza Taldeak erabaki du jarduera akademikoa egun horretan modalitate telematikora aldatzea. Alegia, campusa hustea.  EHUk adierazi du bere nahia dela “probokatzera datozenek topa dezaten campus huts bat bere jardunarekin jarraitzen duena online modalitatean”. Halaber, “azken hilabeteetan Gasteizen eta Iruñean jazotako gertakari larriak kontuan hartuta, liskarrak arbuiatzea” bilatzen du unibertsitateak. Unibertsitateko eraikinetarako sarrera nagusiak itxiko dituzte, eta ezin izango da aparkatu Unibertsitatearen pasealekuan, Segurtasun Sailak 08:00etatik aurrera itxi egingo baitu. EHUko ikasle kontseiluak ere Errektoretza Taldeak zabaldutako komunikatuarekin bat egin du.

Unibertsitateak hartutako jarrerak, ordea, ekarri du ere kontrako iritzirik. IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak adierazi du Vox unibertsitatera doala “ikasle mugimendua kriminalizatzeko eta propaganda faxista egiteko asmoz”; eta EHUk hartutako neurrien aurrean, “unibertsitatean faxismoari espaziorik ezin zaiola utzi” aldarrikatu du. Horregatik, unibertsitatean bertan mobilizatuko dira, 12:00etan Gasteizko campusean. Adierazi dute EHUk hartutako erabakiak campusa “faxistei oparitu” eta VOXen agerraldia “normalizatu” egingo duela.

Aurretik beste mobilizazio bat ere deitu dute Voxen ekitaldiari erantzun gisa. LAB, Steilas eta ELA sindikatuek kontzentrazioa egingo dute Andre Maria Zuriaren Plazan 11:00etan, Faxismoaren aurrean, Euskal Herria antirrazista, feminista eta euskalduna! lelopean.

Alderdi politikoek ere euren iritziak plazaratu dituzte EHUk hartutako jarreraren aurrean. EAJk gaitzetsi egin du Joxerramon Bengoetxea errektoreak ez dituela kritikatu "izaera totalitarioa" duten taldeek ekitaldi hori indarkeriaz eragotzi nahi izana. PSE-EEk ere "neurrigabetzat" jo du erabakia, eta PPk, berriz, "hipokrita" dela deritzo. Bestalde, campusa ixtea erabaki "arduratsua eta bizikidetzarekin konprometitua" dela defendatu du EH Bilduk.

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eskuin muturra kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...