Vito Quilesi lotutako Iruñeko sarekadako 28 atxilotuak libre utzi dituzte

  • Asteazken goizeko lehen orduetan gertatu ziren gazteen atxiloketak Iruñerriko hainbat lekutan eta Iruñeko Chinchilla Jenerala kaleko Espainiako Poliziaren Komisariara eraman zituzten. Hamasei gazte asteazkenean utzi zituzten libre eta beste hamabiek polizia-etxean pasatu dute gaua. Ostegun goizez epailearen aurretik pasatu dira, ez deklaratzeko eskubideari heldu diote, eta libre geratu dira.

Asteazken arratsaldez ehunka pertsonak eskatu zuen Iruñean atxilotuen askatasuna. Gedar

2026ko ekainaren 4an - 17:36
Azken eguneraketa: 18:54
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hamasei atxiloturi “desordena publikoak” leporatu dizkiete eta hamabiri “agintearen aurkako atentatua”. Atxiloketa guztiak asteazken goizez gertatu ziren, gehienak gazteen etxeetan edo lantokietan. Atzeman ez zituztenei telefonoz dei egin zieten eta gazteak komisariara aurkeztu ziren.

Defentsa iturriak aipatuta Gara-k dioenez, Espainiako Poliziak erakutsitako bideoak Vito Quilesi Nafarroako Unibertsitatean aurre egiteko bildutako ehunka gazteen irudiak dira. Quiles ez zen agertu, baina bere jarraitzaileak bai. Defentsen esanetan, irudi horietan parte hartzen duten gazte gehienek burua estalia dute, eta beraz, oso zaila da jakitea nor den nor. Iturri horiek diotenez, “ikusitakoan ez dago agintearen aurkako atentatua delituaren aztarnarik”. Edozein modutan, Espainiako Poliziak jakinarazi zien defentsei irudi askoz gehiago ere badituela.

Quilesen aurkako kontzentrazioaren egunean ere, joan den urrian, izan ziren atxiloketak eta, beraz, auzi honetan dagoeneko 30 pertsona dira. Defentsez gain, atxilotu askok eta beste eragile batzuek ere azpimarratu dute atxiloketen ikuspegi propagandistikoa.

Espainiako Poliziak operazio mediatiko handia eskaini du operazio honekin, baina hainbat eragilek azpimarratu duen moduan, nahikoa zen gazteak komisariara deitzearekin, deituz gero ohikoan eurak aurkeztuko bailirateke Poliziaren aurrean.

Berria-k Beñat Remon Reta atxilotua elkarrizketatu du eta kontatzen duenez, ez zuen deklaratu beharrik izan: “Abokatua iritsita, alde egiten utzi zidaten. Esan ziguten epaitegitik deituko digutela aurrerago, deklarazioa hartzeko. (...) Zirku hutsa izan zen dena”.


Antifaxismoa kanalean gehiago
2026ko ekainaren 4
Goizean argi
Sarekada

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...