Vito Quilesek ostegun honetarako Iruñeko Gazteluko Plazan iragarria zuen ekitaldia Yamaguchi plazara eraman du Nafarroako Espainiako Gobernu Ordezkaritzak. Hari aurre egiteko talde sozial ugarik deitutako deialdia mantendu dute, 17:30etan.
Bere ekitaldiarekin, Vito Quiles espainiar eskuin muturreko pertsonaia ezagunak ostegun honetan hasiera eman nahi dio Espainia osoan “Aberria edo mafia” goiburupean egingo duen birari. Iragarpenari aurre egiteko Iruñeko talde eta elkarte ugarik bilkura iragarri zuten ostegun honetan 17:30etan.
Espainiako Gobernu Ordezkaritzatik iragarri dutenez, Quilesen ekitaldia Iruñeko mendebaldean dagoen Yamaguchi plazara eraman dute, Gazteluko plazan baimenduz gero bi taldeen artean istiluak izateko aukera zegoelako; argudiatu dutenez, antifaxisten bilkurak lehenago eman zuen bere ekitaldiaren berri; Quilesek haren berri jakitean, astearte honetan bere bilkuraren berri iragarri dio gobernu ordezkaritzari, baina hark Yamaguchira bideratu du.
Azken boladan, Quilesek Espainiako Nucleo Nacional talde neofaxistarekiko gertutasuna adierazi izan du eta ezagunak egin dira ezkerra fisikoki suntsitzeko egin dituen deialdiak.