Vito Quiles eskuin muturreko ekintzailea Iruñera itzuliko da ostegun honetan. Hainbat eragilek "Euskal Herriko langile klasearen zapalkuntza, soziala zein nazionala" bultzatzen duen olatu erreakzionarioaren aurka "murru antifaxista" altxatzera deitu dute.
Vito Quiles azkenaldian emendatzen ari den olatu erreakzionarioaren aurpegi gisa aurkeztu dute mobilizazioaren deitzaileek, hiriz hiri ideia faxistak hedatzen saiatzen delako. Olatu horren helburua oinarrizko eskubideak murriztea eta zapalkuntza nazionala areagotzea dela salatu dute eta aurka egitearen beharra azpimarratu. Gogoratu dute, ordea, antifaxismoa kriminalizatu duela Espainiako Estatuak. Hain zuzen ere iragan urteko urrian egin zuen ekitaldia Quilesek Iruñean, eta aurten ekainean 28 gazte atxilotu dituzte Iruñerrian bisitaren aurka egiteagatik.
Arrazoi horiengatik, Quilesen aitzinean "murru antifaxista" bat altxatzeko deia luzatu dute Iruñerriko antolakunde, sindikatu eta mugimendu ugarik. Hitzordua ostegun honetarako eman dute, 17:30tan Gaztelu Plazan.
Iruñeko Udala eta Espainiako Gobernu Ordezkaritza
Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak adierazi du Quilesek ez duela jakinarazpenik aurkeztu, eta ekitaldia baino 24 ordu lehenago behintzat egin behar duela.
Iruñeko Udalak, bere aldetik, deklarazioa onartu du "elkarbizitzaren eta demokraziaren defentsan", PSNk aurkeztuta. Adierazpenak "gorroto diskurtsoen" eta "bortizkeria ekintzen" kontra egiten du, eta herritarrak deitzen ditu beren informazio iturriak kontrastatzera eta egiaztatzera. Hauteskundeen zilegitasuna eta beharra defendatu du udalak, eta horiek zalantzan jartzea gaitzetsi.