Venezuelako oposizioa hausten ari da

  • Eskualdeetako hauteskundeetan oposizioak lortutako bost gobernadoreetatik lauk Biltzar Konstituziogilean kargua onartu ostean hasi da kalapita. Henrique Caprilesek MUD, talde opositoreak biltzen dituen koalizioa, utziko duela mehatxatu du.


2017ko urriaren 27an - 12:33

MUD (Batasun Demokratikorako Mahaia) Venezuelako oposizioaren koalizioko hautagaia izan da bi aldiz Henrique Capriles. Orain ordea koalizioa utziko duela esan du, Henry Ramos Allup AD (Ekintza Demokratikoa) alderdi sozialdemokratako buruak ez badu koalizioa uzten.

Duela hilabete gutxira arte oposizioak hautsi ezina zirudien eta Maduro presidentea berriz ataka larrian zegoen. Kalean biolentzia, Gobernuaren aurkako protestak, sabotajeak… Nahasmenaren erdian hauteskunde konstituziogileak antolatu zituen Madurok “bakea berrezartzeko”.  Iragarpenarekin batera oposizioaren presioa izugarri handitu zen, baina herritarrek Presidentearen eskariari erantzun eta parte hartze altua lortu zuten hauteskunde konstituziogileetan.

Biltzar Konstituziogilea behin osatuta, eskualdeetako hauteskundeak aurreratzea erabaki zuten.  Oposizioan lehenengo pitzadurak sortu ziren. Zenbait sektore hauteskundeetan parte hartzearen aurka agertu zen, horrek ANCa (Biltzar Konstituziogilea) onartzea zekarrela uste baitzuten.

Iritsi zen urriaren 15a, eskualdeetako hauteskundeen eguna, eta Chavismoak garaipen argia lortu zuen. Jokoan zeuden 23 eskualdeetatik 18tan irabazi zituen bozak Maduroren alderdiak. Gainontzeko bostak oposizioaren esku geratu ziren. Oposizioak ez zituen emaitzak onartu.

Oposizioko bost gobernadoreetatik lauk Biltzar Konstituziogilean kargua zin egitea erabaki zuten, horrela, Biltzar Konstituziogileari zilegitasuna onartu zioten. Lau gobernadoreek Maduro presidentearekin eginiko bileraren ondoren, Presidenteak esan zuen “elkarbizitzan oinarritutako aro berri baten hasiera” dela.  Oposizioko bost gobernadoreetatik lau AD alderdi sozialdemokratako kideak dira. Bosgarrena berriz PJ (Lehenik Justizia) alderdikoa.

AD alderdiko kideek kargua hartzeak haustura eragin du MUD koalizioan. Henrique Caprilesek gogor jo du erabakiaren aurka eta koalizioa utziko duela esan du, AD alderdiko buruak ez badu alde egiten koaliziotik. Leopoldo Lopezen VP (Herriaren Borondatea) alderdiak ere gogor salatu du lau gobernadoreen erabakia “traizioa eta engainua” bezalako hitzak erabilita.

Atzo jakin genuen abendurako udal hauteskundeak egitekotan direla Venezuelan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude