Venezuelak petrolioa liberalizatu du

  • Delcy Rodriguezek chavismoaren oinarrietako bati agur esan dio, 2006ko Hidrokarburoen Lege Organikoaren erreformaren bidez. AEBek adierazi dute petrolioa erauzteko kontratu eta azpiegiturak kudeatzeaz gain, salmenten dirua ere kontrolatuko dutela. Rodriguezek, irribarretsu, esan du atzerriko inbertsioak "jauzi kuantitatiboa" emango diola Venezuelari.

Delcy Rodriguez Hidrokarburoen Lege Organikoaren erreforma berria eskuetan duela Espainiako Venezuelaren enbaxada

2026ko urtarrilaren 30ean - 11:20
Azken eguneraketa: 12:36
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Trumpek Maduro bahitu eta lau aste eskasera iritsi da albistea Venezuelatik. Ostegun arratsaldean Batzar Nazionalak eta Delcy Rodríguez jarduneko presidenteak herrialdeko petrolio-sektorea liberalizatuko duela onartu zuten aho batez, Hidrokarburoen Lege Organikoaren erreformaren bidez. Legea 2006ean aldatu zuen azken aldiz Hugo Chavezek, petrolio-industriaren gaineko estatu-kontrol handia bere iraultzaren zutabe bihurtuta. Orain, agur esan diote chavismoaren oinarri sendoenetako bati, AEBek euren energia-enpresek Venezuelan jarduteko gaitasuna handitzearekin batera. Hilabete hasieran ikusi genuen Josu Jon Imaz (Repsoleko kontseilari ordezkaria), sektoreko beste enpresarirekin batera, Trumpi eskerrak eman “Venezuela hobe bati atea irekitzeagatik”, bertako hiriburua bonbardatu eta presidentea bahitu ostean.

Bitartean, bi aldeek iragarri dute AEBek malgutu dituztela Venezuelako petrolioaren gaineko santzioak eta AEBek Venezuelako aire-espazioa blokeatzeari utzi diotela. Delcy Rodriguezek egindako adierazpenetan azpimarratu du lege berriarekin Venezuelak bere baliabide energetikoen gaineko “subiranotasuna berresten” duela. Hori, baina, ez dator bat Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak Kanpo Arazoetako Batzordean egindako agerraldian esandakoekin. Izan ere, iragarri du Venezuelak petrolioaren salmentatik jasotzen duen dirua AEBetako Altxorrak blokeatutako kontu batera joango dela. Are, Venezuelak diru hori erabiltzeko zertarako erabili nahi duen azaldu beharko die AEBei, eta azken horiek erabakiko dute kontu horretatik zenbat diru erabiltzen den.

Rodriguezek aipatu duen baliabide naturalen burujabetza hori zalantzan jartzen duten neurri gehiago hartu dituzte AEBek. Altxorraren komunikatuaren arabera, AEBek utzi egingo diote PDVSA petrolio-enpresak eta haren kideak zigortzeari, beti ere petrolio gordina erauzteko, merkaturatzeko eta saltzeko edozein kontratu "Estatu Batuen jurisdikzioaren mende" badago. Gainera, adierazi dute ez dutela inolako transakziorik baimentzen Kuban, Errusian, Iranen edo Ipar Korean jarduten duten enpresa edo gizabanakoei. El Diario.es-en arabera, Venezuelan edo Estatu Batuetan kokatuta dauden eta Txinak zuzenean edo zeharka kontrolatzen dituen enpresek ere ezingo dute bertan lan egin.

Era berean, legearen erreforma berriaren bidez, atzerriko enpresen jarduna baimendu ez ezik, PDVSA enpresak administratzen zituen ekipamendu eta azpiegituren gaineko kontrol pribatua ekarriko du, erauzketa-eremuak barne. Are, erreformak ezabatu egiten du gatazkak Venezuelako auzitegietan bakarrik ebazteko betebeharra.

Hori guztiaren aurrean, Delcy Rodriguez pozik agertu da. Adierazi du erreformak "benetako jauzi historiko eta kuantitatiboa ahalbidetzen" diola Venezuelari, eta gogoeta egin du: "Zertarako balio dute planetako petrolio-erreserba handienek, soldata edo ospitaleetan bihurtu ezin baditugu?".

 


Venezuela kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.