Venezuela: ikusi, ikasi eta lerrokatu


2026ko urtarrilaren 9an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Urtarrilaren 3an Amerikako Estatu Batuek Venezuelako zenbait gune militar bonbardatu eta Nicolas Maduro presidentea bahitu zuten. Eraso inperialista anker horren bidez, AEBek iruzurrez eta bidegabekeriaz beteriko kanpaina mediatiko, politiko, ekonomiko eta militarra biribildu nahi izan dute, Venezuelan erregimen-aldaketa eragiteko eta iraultza bolivartarra suntsitzeko asmoz.

Azken eraso hau, ordea, oldarraldi luze baten jarraipena da. Iraultza bolivartarra hasi zenetik, Venezuela etengabe egon da AEBen eta, oro har, inperialismoaren jo-puntuan. Horren erakusle argienak azken hiru hamarkadetako gertakari zehatzetan aurki ditzakegu, hala nola 2002ko Chavezen aurkako estatu-kolpean, 2014 eta 2017ko guarinbetan edota 2019ko Juan Guaidoren auto-izendapenean. Denak ala denak barne-oposizio ultraeskuindarraren protagonismo mediatikoarekin, baina Estatu Batuetatik diseinatuak eta zuzenduak. Nolanahi ere, gertakari zehatz horietatik haratago, prozesu bolivartarrak ordena inperialistari aurre egiteagatik jasan duen jazarpena etengabekoa eta erabatekoa izan da, plano ekonomikoan, politikoan zein mediatikoan. Venezuelako herri langileak Hego Globaleko herri gisa inposatzen zaion zapalkuntza egoera onartzeari uko egin eta bere subiranotasuna defendatu baitu, sozialismoranzko urratsak ematearekin batera.

Bizi gaituen garai historikoan, sistema kapitalistaren egiturazko krisia egitate ukaezina da. Irabazi-tasaren beheranzko joera gelditu ezineko fenomenoa da eta ustiatu gabeko espazioak gero eta urriagoak dira. Horrez gain, potentzia ekonomiko berrien agerpenak eta hazkundeak inperialismoaren hegemonia unipolarra auzitan jarri du.

Venezuelara ekarrita, prozesu bolivartarra ezbairik gabe defendatzea eskatzen du. Venezuelar herri armatua, gobernu bolivartarra eta proiektu komunala inoiz baino irmoago babestea

Gainbehera horren aurrean, klase menperatzailea baliabide bortitzenak erabiltzeko prest dago bere gailentasuna bermatzeko eta Venezuelako azken egunotako gertakariak horren erakusle dira. Testuinguru horretan, eraso inperialistak salatu eta erasotako herrialdeen erresistentziarako eskubidea aldarrikatze hutsa ez da nahikoa. Antolakunde politikoen funtzioak haratago joan behar du. Argitasun ideologikoa erakutsi behar da eta, batez ere, lerrokatu beharra dago, anbibalentziarik gabe. Irakurketa zein mobilizazioek posizioak argitzeko balio behar dute, herri langilearengan aktibazioa sustatzeko, honen kontzientziazioan aurrerapausoak emateko, hau ere argiki lerrokatu dadin.

Sistema kapitalista globalizatuak mundu osoko langileriaren esplotazioa du lege, baina, klase arteko dominazio harremanez gain, herrialdeen arteko dominazio harremanak ere garrantzia handiko faktorea dira. Sistema kapitalistaren fase inperialistan, Hego Globaletik Zentro Inperialistarako aberastasun-transferentzia elementu zentrala da, eta horrek kontraesan osagarriak eta borroka-marko espezifikoak sortzen ditu. Ondorioz, klase-gatazkak forma eta ezaugarri ezberdinak hartzen ditu testuinguru zehatz bakoitzean.

Horrek guztiak, Venezuelara ekarrita, prozesu bolivartarra ezbairik gabe defendatzea eskatzen du. Venezuelar herri armatua, gobernu bolivartarra eta proiektu komunala inoiz baino irmoago babestea. Izan ere, prozesu bolivartarrak, venezuelar herriaren baldintza material objektiboak hobetzeaz gain, bertako langileria iraultzailea antolatzeko eta garatzeko, antolakuntza-eredu komunalean aurrerapausoak emateko eta iraultza sozialista arrakastaz egiteko beharrezko baldintza objektibo eta subjektiboak sortzeko ezinbesteko sostengua eskaintzen du.

Horrenbestez, Venezuela jasaten ari den erasoaldi inperialistaren aurrean, Euskal Herriko mugimendu iraultzaileari elkartasun internazionalista antolatu eta venezuelar herriari eta iraultza bolivartarrari gure babes osoa helaraztea dagokio.

Ikusi, ikasi eta lerrokatzea dagokigu. Prozesu iraultzaileak ez dira idealak, ezta puruak ere. Kontrara, materialak dira, eta kontraesanak gaindituz egiten dute aurrera. Erraza da hauek ez babesteko aitzakiak topatzea, nolabaiteko zuzentasun ideologiko bati helduta. Horrek ordea iraultza ezinezkotzat jotzeko besterik ez du balio.

Iñaki Orradre Muñoz, Jardun koordinadorako kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin