Change to Win koalizio sindikaleko kide eta lan-antolatzailea da Valery Alzaga. Eskubide zibilen alde eta arraza-bereizketaren aurka borrokatzen du, AEBetako 1960 eta 70. hamarkadetako mugimendu sozialak aurrekaritzat hartuta. Madrilen emandako hitzaldietan, sindikatuen antolamendua aldatu egin behar dela azpimarratu du.
Sindikatuak mugimendu sozial moduan hasi zirela azaldu du Alzagak Diagonal egunkarian: “Borroka espirituarekin jaio zen”. Ondoren instituzionalizatu egin ziren, zerbitzuak eskainiz. Alzagaren arabera, sindikatuetan aldaketak eman behar dira: “Ondo antolatutako sindikatuak izatera itzuli behar dira”.
Sindikatuetako buruzagiek aldaketak egin behar dituztela azpimarratu du Alzagak, eta pausu egokiak eman: “Sindikatu askok ez dute ulertu nahi aldatzeko beharra dutela”. Aldaketarik ez bada ematen, egun bizi dugun krisiaren presioak ondorioak ekarriko dituela azaldu du.
Etsaia aztertu behar dela adierazi du. Murrizketak patronaletatik etortzeaz gain, eskuineko politikatik datozela ohartarazi du: “Nola funtzionatzen duten ulertu behar dugu, gure kanpainek haiek egiten dutenaren gainean eragina izan dezaten”. Manifestazioak eta grebak egitea nahikoa ez dela adierazi du.
Prekarietatea, azpikontratazioak eta enpleguaren behin-behinekotasunak markatzen duen egoera laboralaren aurrean antolamendua oso garrantzitsua dela azpimarratu du Alzagak: “Botere erlazioak biderkatu egin dira eta industria bakoitzean presioa non egin behar den ondo ulertu behar dugu, gure gaitasun guztia garatzeko”. Horretarako ikertzaileak eduki eta estrategiak partekatu egin behar direla uste du.