‘Sopar a la fresca’: Valentzia eta Mallorcako auzoak estutzen dituen presio turistikoaren aurrean, otorduak kalean

  • Valentzian (Herrialde Katalanak), Poblats Marítims auzoetan, ehundaka herritarrek mahai eta aulki tolesgarriak paratu dituzte kalean, plater eta gainerakoak atera, hozkailu eramangarriak ireki eta patxada ederrean hasi dira afaltzen, hango ohiturari helduta. Sopar a la fresca deitzen diote. Larunbat iluntzean Valentziako itsas-pasealekuan egin duten otorduak, baina, esanahi berezia du: presio turistikoagatik protesta egiteko deitu zuten auzotarrek afaria.

     


2026ko irailaren 7an - 09:33
Azken eguneraketa: 10:38
Ehundaka lagun bildu da Valentziako Malvarrosa pasealekuan. PSPV
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Jendetza bildu du deialdiak, ostalariek adierazi ostean gisa horretako bilkurak egiteko gune konkretuak egokitu beharko liratekeela itsas-pasealekuan, eragiten duten zarata edota zikinkeriak turistak uxa ditzakeelako. Turismoaren gaiak denbora zeraman mahai-gainean, eta Malvarrosako enpresarien elkarteko buru José Mirallesen hitzek txinparta bizitu besterik ez dute egin.

Malvarrosa bertako eta gainerako auzoetako (Cabañal, Nazaret, Grau-Port eta L'Illa Perduda) herritarrek eskatu dute itsas-pasealekuan egingo dituzten eraberritze-obrek "aintzat har" ditzatela" bertan hainbat belaunaldi bizi izan den jendearen ohiturak". Salatu dute auzoetan obra ugari egiten dela, baina gehienetan izaten direla etxabeak zein eraikin osoak pisu turistiko bihurtzeko. "Pertsonentzako hiria izatea nahi dugu, espazio publikoaren merkantilizazioaren aurrean", adierazi du Malvarrosako bizilagunen elkarteko presidente David Verdoyk, "hondartzak, etorbideek, auzoek... auzotarrenak izaten jarrai dezaten".

"Ez dugu nahi gure hirian auzotarrei mugak jartzea", azaldu dute larunbateko hitzorduaren antolatzaileek, eta gaineratu dute kalean afaltzen duen jendeak "zintzo-zintzo" jaso eta garbitzen duela guztia. Asteburuan egindako otordu jendetsuan Compromís eta Valentziako Alderdi Sozialistako ordezkariak izan dira, besteren artean.

Vilaweb.cat agerkariak ekimenaren bueltako hainbat bideo jaso du.

Sozializatzeko modua

Sopar a la fresca ez da soilik kalean afaltzea. Senide eta lagunekin sozializatzeko modua ere badira, udako egun beroetarako plana, apurka-apurka auzotarrei kentzen zaizkien espazioak harremanetarako baliatzea.

Valentzian bezala, Mallorcan ere ohitura dute Sopars a la Llesca otorduak egiteko eta, Valentzian bezala, azken asteetan espazio publikoa denentzat izateko aldarria eraman dute kale eta plazetara, Brunzit kolektiboak deituta. "Espazio publikoa okupatzeko aukera geroz eta gutxiago dugu, geroz eta zailagoa da bertakoentzat, eta errazagoa kanpokoentzat", kexu dira herritarrak: "Ia ezinezkoa da kalean lasai esertzeko lekurik topatzea, deus kontsumitu gabe; geroz eta zailagoa da espazio publikoan elkar harremantzea, komunitate izaera galtzea dakar horrek".


Turismo masiboa kanalean gehiago
2026ko apirilaren 7
Barra warroak
Sex on the beach

2026ko martxoaren 11
Makillajea

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.