Uztatik jaso gabe gelditu diren elikagaiak aprobetxatzeko proiektua

  • “Oso antzinatik datorren ohitura da buruxka-biltzearena, garai batean familia txiroetako emakumeek eta umeek egiten zuten batik bat”. Elena Cerceda Payret Buruxka proiektuko koordinatzailearen hitzak dira. Baina zer da zehazki buruxka-biltzea? Gazteleraz espigamiento esaten diotena, hitz motzean, nekazariek uzta jasotzerakoan bildu gabe utzi dituzten barazki eta fruituak jasotzea da. Uztako "soberakinak" lirateke buruxkak edo galburuak, eta Herrialde Katalanetan eta beste zenbait lekutan horiek aprobetxatzeko martxan dauden egitasmoak eredutzat hartuta, 2020an Lizarraldeko Deierri bailaran Buruxka proiektu pilotua abiatu dute.


2021eko ekainaren 24an - 04:55
Azken eguneraketa: 07:08

“Barazki eta fruituak jaso gabe gelditzeko arrazoi desberdinak egon daitezke: hartzeko zailak direlako, itsusiak direlako, estandarretatik kanpo daudelako, merkatutik kanpo gelditu direlako…”, dio koordinatzaileak. Nafarroan Tuterako "tomate itsusia" zein preziatua den ikusita, kuriosoa da ezaugarri estetikoek hainbesteko garrantzia izatea gainontzeko barazkietan. Proiektuko kideak argitu duenez, ekoizpen txiki eta eta ekologikoetan galerak askoz txikiagoak dira, baina galkorrak diren produktuen eta azalera handiagoa duten ekoizpenetan %25 edo %30 ingurukoak direla ondorioztatu dute osatu duten txostenean.

Galera horiei buelta emateko, boluntarioekin auzolanak antolatzen ditu Buruxka proiektuak, eta Deierriko ekoizleen "soberakinak" jasotzea eta gizarte-erakundeei banatzea da haien lana. Ekainean, esaterako, Leringo gerezi ekoizpen batean aritu dira. “Sentsibilizaziorako garrantzitsuak dira buruxka-bilketak, izan ere, boluntarioek elikagaien galeraren inguruan hausnartzen dute eta nekazarien lana baloratzeko ere balio dute”, dio Cercedak. 2020an, 76 lagun aritu ziren bolondres, eta guztira 2.800 kilo elikagai bildu zituzten: tipula, mahatsa, piperra, almendra, sagarra eta borraja.

Instituzioak, nekazariak eta gizarte-erakundeak elkarlanean

Deierriko Udalak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta INTIA Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutuak elkarlanean abiatutako proiektua da Buruxka. Momentuz, eskualdeko zazpi ekoizlek egin dute bat egitasmoarekin, eta banatutako elikagaiak 400 familia baino gehiagotara iritsi dira. “Elikagai freskoak eskuratzeko zailtasunak izaten dituzte elikagaien banaketa egiten duten gizarte-erakundeek normalean, eta horregatik, garrantzitsua da haientzat gure ekarpena”, dio Cercedak. Karitate ikuspegitik baino, kalitatezko elikagaiak eskuratzeko eskubidea guztiona izan dadin egiten dute lan.

Proiektu pilotua abenduan bukatuko da, baina udalak ekonomia sozial eta solidarioko enpresa bat sortu nahi du orain elikagaien xahuketari aurre egiten jarraitzeko. “Galkorrak diren elikagaiak eraldatzeko eta haien bizia luzatzeko asmoz probak egiten ari gara, NUPekin elkarlanean”, azaldu du Cercedak. Mahatsarekin, tomatearekin, azenarioarekin eta borrajarekin marmeladak eta kremak egiten hastea da ideia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


2024-03-11 | Garazi Zabaleta
Gu zu bio
Ontziratu gabeko garbiketa produktu ekologikoak, Bermeoko dendan

Ateak ireki berri ditu Bermeon Gu Zu Bio dendak, otsailaren 17an egin baitzuten inaugurazio ekitaldia. Edurne Zulueta Aranguena da proiektuaren bultzatzailea, eta berak azaldu bezala, garbiketako produktuei lotutako kontsumoari buelta bat eman nahi izan dio egitasmoarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude