Urumean egin asmo duten eolikoen proiektuak natur korridorea “arriskuan” jarriko duela salatu dute

  • Hernani (Gipuzkoa) eta Arano (Nafarroa) artean Endesak egin asmo duen makro-elikoen proiektuari alegazioak jartzeko epea zabalik da. Urumea Bizirik elkartetik eta mugimendu ekologistatik egindako txostenen arabera, eragin "oso kaltegarria" izango luke hango mendietako landaredian eta faunan, eta "landa eremuaren pobretzea" ekarriko luke, besteak beste.

Urumea bailaran eolikoak jartzeko asmoa duten eremua Adarramendiko ikuspegi batetik. i Urko Apaolaza Avila / ARGIA CC-BY-SA

2026ko apirilaren 28an - 09:26
Azken eguneraketa: 11:15
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Urumeako mendietan "Ikatz Gane" deituriko eoliko erraldoien proiektua egin asmo dute Enigma eta Arena Green Power enpresek –horien atzean Endesa multinazionaleko karguak daude–. 33 MWko bost errota handi aurreikusten dituzte Pagalegi eta Etxolaberri inguruetan, Ereñotzutik gora, Hernani eta Arano udalerrien arteko mugetan. 

Proiektuari alegazioak jartzeko epea zabalik da maiatzaren 4ra arte, eta Urumea Bizirik elkarteak "herri-alegazioak" jartzeko dokumentua egin du, herritarrek sinatu eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailean aurkeztu dezaten. 

Proiektuari alegazioak jartzeko epea zabalik da maiatzaren 4ra arte, eta Urumea Bizirik elkarteak "herria-alegazioak" jartzeko dokumentua egin du, herritarrek sinatu eta aurkeztu dezaten

Dokumentu horretan salatu dutenez, eskala handiko halako proiektuak ez dira bateragarriak bertako energia komunitarioaren kudeaketarekin, "espekulazioa" baino ez dutelako sortzen. Gainera, proiektuak Urumeako mendien "industrializazioa" ekarriko luke, baita "landa eremuaren pobretzea" ere.

Ingurumenean eragin handia izango duela diote, besteak beste Aiako Harria Parke Naturalaren eta Leitzarango Biotopoaren artean dagoen korridore ekologikoa "arriskuan" jarriko duelako, eta bertako landaredian, espezie endemikoetan eta faunan zein akuiferoetan inpaktatuko duelako zuzenean. 

Gardentasun falta eta legezkotasuna zalantzan

Urumea Bizirik-etik auzitan jarri dute proiektua bera aurkezteko prozedura, "informazio gabezia" eta "gardentasun falta" handia izan direlako euren esanetan, eta herritarrak "babesik gabe" aurkitu direlako.

Kalteturiko udalei azken momentura arte kontsultarik egin ez izana ere traba handia izan da alegazioak jartzeko orduan, epemuga "motzak" direla-eta

Kalteturiko udalei azken momentura arte kontsultarik egin ez izana ere traba handia izan da alegazioak jartzeko orduan, epemuga "motzak" direla-eta; eta diotenez, "makroproiektu bakarra dena –Euskal Herriko handiena litzatekeena– bost konexio desberdinetan zatituta" aurkezteak, bestalde, prozedura bera legezkoa ote den zalantzan jartzen du.

Mugimendu ekologistako kide batek aurkezturiko beste alegazio mardul batean salatu du proiektua ez datorrela bat Hernaniko hirigintza-planak kalteturiko eremu horri aitortzen dizkion balioekin eta derrigorrezkoa litzatekeela plan berezi bat egitea, baina horretarako udalaren baimena beharko lukeela. 

 

 


Ingurumena kanalean gehiago
2026ko apirilaren 30
'Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian'
ESKAINTZA | Liburua opari, maiatzak 8 baino lehen harpidetuz gero

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.