Urteurren apokaliptikoa

  • Eromena da gerra, onen eta gaiztoen mugak ezabatzen dituen oihaneko legea. Gerraren krudelkeria, zentzugabekeria eta, batez ere, zoramena irudikatzen duen film onenetakoa da Apocalypse Now eta 30 urte bete ditu aurten. “Nire filma ez da Vietnameko Gerrari buruzkoa. Vietnam da”, esan zuen Francis Ford Coppola zuzendariak, pelikula onenaren Cannesko Urrezko Palmondoa jaso zuenean.

2009ko ekainaren 28a
Martin Sheen, pelikulan.

Vietnameko oihaneko txoko batean bertakoen jainko modukoa bihurtu den Kurtz (Marlon Brando) koronela aurkitu eta akabatzea da Willard (Martin Sheen) kapitainaren egitekoa. Odisea horretan, gudek eskaintzen dituzten eszena surrealistei egin beharko diete aurre protagonistek, napalm, metraileta eta gorpu artean. Ahaztezina pelikularen hasiera: Willard kapitaina ohean etzanda, sabaiko haizegailuari so, honen irudia bonbardatzen ari diren helikopteroenarekin nahastuta eta The Doors taldearen The End entzuten dela.

Ia hiru urte iraun zuen errodajea infernu bilakatu zen hasieratik. Marlon Brando gizenegi eta mozkor iritsi zen, aurrekontua bikoiztu beharragatik ia dirurik gabe geratu zen Coppola (bere buruaz beste egitearekin mehatxatu zuen hiru aldiz), Martin Sheen malariaz eta bihotzekoak jota hil zen ia-ia, eta eurite eta tifoiek asko atzeratu zuten filmaketa.

Azkenean, ordea, ezinbestekoa den filma burutu zuen zuzendari estatubatuarrak. Vietnam izan zuen eszenatoki, baina Persiako Golkoa, Afganistan, Irak… ere izan zitekeen, irudi eta indar sinbolikoz beteriko lana baita Apocalypse Now, burugabekeriaren apokalipsiaren isla.

Genero belikoari zinemak eman dion ikuspegiari buruzko erreportajea idatzi zuen ARGIAn Gorka Bereziartua kazetariak: Gerrak zeluloidea inbaditu du.

[Sartu Mikel Garciaren blogera]

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Azkenak
Eguneraketa berriak daude