Behe Banda

2026ko uztailaren 6an - 07:49
Azken eguneraketa: 08:54
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Argi eta garbi oroitzen ditut gonadun neska eta polodun mutil haiek. Asko izaten ginen egunero-egunero institututik etxera bueltatzeko ordu biak eta hogeita bosteko autobusa hartzen genuen ikasleak, eta beraiek ere hor egoten ziren beti, azkeneko ilaretan pilaturik. Kolore zuri-berdeez jantzirik, ingurukoon arreta bereganatu ohi zuten gehienetan, koadro homogeneo bezain bitxia osatuz, gominadun ile eta txarolezko zapatekin.

Besteok liluramendu mutu batez, xehe-xehe aztertzen genituen nerabe uniformatu haiek. etxerako bideak irauten zuen bitartean, La 2-eko dokumentaletako kamerariek desagertzeko arriskuan dauden espezieak aztertzen dituzten modu bertsuan, tentu handiz. Sarritan harrapatzen genituen nerabe uniformatuak euren artean ingelesez hizketan, guk ikasi gabeko hitzez eta esamoldez, Londreseko Kensington-en jaio denaren azentu finaz. Egiari zor, iruditzen zait haien hizketaldia entzun genezan nahi izaten zutela, gure Present Simple-aren aurrean haiek Present Perfect zirela gogorarazteko; bai, haiek Cambridge-ko titulazio guztiak poltsikoan edukiko zituzten laster, eta guk, guk apur bat gehiago itxaron beharko genuen.

Ordu biak eta hogeita bosteko autobusa hartzen zutenak kolegio ingelesekoak izaten ziren, baina kolegio frantsesekoak ere bazeuden, eta alemanekoak ere bai. Uniforme gabeko batzuk ere sartzen ziren tartean noizean behin, batzuk Sagrado Ez Dakit Zer eta besteak Santa Ez Dakit Nola ikastetxekoak, batzuk mojetakoak eta besteak fraidetakoak. Den-denak zaku batean sartu eta kiribil polit batekin itxiz gero, A eredua lortuko genuke.

Gurasoen konbentzimendu pertsonalek eta ahalmen ekonomikoak definitzen dute haur gehienen hezkuntza-ibilbidea, eta horrekin estuki lotuta dago hizkuntza-ibilbidea ere

Argi dago gurasoen konbentzimendu pertsonalek eta ahalmen ekonomikoak definitzen dutela haur gehienen hezkuntza-ibilbidea, eta horrekin estuki lotuta dago hizkuntza-ibilbidea ere. Eskola eta institutu publikoetan ikasten duten gazte askoren familiek ez bezala, seme-alabak kolegio frantses prestigiotsuan apuntatu dituztenek hautatzeko aukera izan dute zer eta nola egin, zeri eman garrantzia eta zeri kendu. Hala, klase-pribilegioak emandako diruz erabakitzen dute askok ingelesa edo frantsesari garrantzia eman eta euskarari kentzea, konbentzimendu osoz ordaintzen dute seme-alaben euskararekiko desatxikimendua, arratsaldetan biolinera edo robotikara apuntatzen dituzten erraztasun berdinarekin.

Era berean, garrantzitsua da azpimarratzea auzitan jarri beharrekoa goi-klasekoen euskararekiko atxikimendu urria edo hutsala dela, ez bestelako zailtasun ekonomiko eta sozialak etengabe pairatzen dituzten langile-klasearen sektore jakin batzuena, migranteak kasu. Aukeratzeko ahalmena duenak sartzen du hanka hemen, eta bai, izan A zein D ereduan, publikoan edo itunpekoan, klase berdinean ikasten dutenak klase berdinean egon ohi dira gehienetan.

Eta pentsatzen genuenean baietz, aurtengo Selektibitateko euskarako proban zero atera duten itunpeko ikastetxe kristauetako ikasleen kontura (kontsolamendurako bada ere) justizia poetiko dosi txiki bat jasoko genuela, esperogarri bezain desesperagarria den justiziaren erabakia etorri da San Mamesen negarrez aritu ziren horiek salbatzera. "Gu publika bat joan nahi badugu, ezin dugu" zioen hori ez da unibertsitate publikora joango

orain, baina behintzat aukera izango du, eta pozik egongo da; berdin “huts bat duten” gainontzeko guztiekin.

Guk euskaraz hitz egiten dugu, ordu biak eta hogeita bosteko autobusa hartzen zuten kolegio ingelesekoek ikasi gabeko hitzez eta esamoldez, Gasteizen, Eibarren edo munduko beste puntan jaio denaren azentu finaz, eta funtsean gertatu dena da gizarteko geruza pribilegiatuek barre egin digutela aurpegira berriro, beraiek negar egiten dutenean justizia belaunikatu egiten baita.

Laburbilduz, "pagaten dabe eta urteten jake urteten jakena". Kamisetak egin dituzte esaldi horrekin. Nik bat erosiko dut.


2026ko uztailaren 1
Enplegu Publikoaren Legea | Josu Aztiria, EH Bilduko legebiltzarkidea
“Orain, gutxienez, gure lege proposamena bizirik dago”

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
LAB: "Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa"

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
EHE: "Legea ez da euskalgintzak aldarrikatutakora hurbildu ere egiten"

2026ko ekainaren 15
Amagoia Gordobil eta Jagoba Apaolaza (Gasteizko Udaleko oposizioak euskaraz egin dituzten euskaldunak)
"Galzorian dagoen espeziea bezala tratatzen gaituzte euskaldunok"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...