“Urtebete geroago, oligopolioen aurrean herri alternatiba iraunkorrak pizteko premia dugu”

  • Urtebete joan da Hego Euskal Herri osoari eragin zion elektrizitate itzalaldi handia gertatu zenetik. Itzali sistema. Piztu alternatibak ekimenaren barruan, energiari eta ekonomia sozialari loturiko hainbat elkarte eta eragilek euren irakurketa plazaratu dute: "Gaur urtebete ohartu ginen, inoiz baino gehiago, elkarren beharra dugula eraldaketa ekosozialaren bidean aurrera egiteko", azaldu dute.

Itzalaldi handiaren urteurrenean, Bilboko La Bolsa eraikinean agerraldia egin dute 'Itzali sistema. Piztu alternatibak' ekimena babesten duten eragileek. Goiener

2026ko apirilaren 29an - 09:58
Azken eguneraketa: 13:45
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Duela urtebete, 2025eko apirilaren 28an, itzalaldi handi batek Iberiar penintsula osoari, Andorrari eta Frantziako hegoaldeko eremu batzuei eragin zien, eta Hego Euskal Herri osoa ere argindarrik gabe geratu zen hainbat orduz.

Gertaera haren arrazoiak oraindik ez daude garbi; Espainiako Estatuan argindarra kudeatzen duen Red Eléctrica Españolak hilabeteak behar izan zituen eskura zeuzkan datuak emateko, eta Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren eta Europako Argindarra Garraiatzeko Kudeatzaileen Sareak egindako txosten banatan, "gertaera kate konplexu" bat izan zela diote.

Itzalaldi hark eta bere ondorioek –tartean hildakoak, pertsona zaurgarriak artatzeko ezinak...– agerian utzi zuten egungo eredu energetikoaren kontraesanak eta gabeziak

Baina itzalaldi hark eta bere ondorioek –tartean hildakoak, pertsona zaurgarriak artatzeko ezinak...– agerian utzi zituzten egungo eredu energetikoaren kontraesanak eta gabeziak. Euskal Herrian, Itzali sistema. Piztu alternatibak ekimena sortu zen horren harira, Goienerrek eta Izarkomek bultzatuta

Urtebete geroago, ekimen horren barruan dauden hainbat elkarte, sindikatu eta eragilek euren irakurketa plazaratu dute, astearte honetan Bilboko La Bolsa eraikinean egindako agerraldian. Olatukoop, Udalbiltza, REAS Euskadi, ELA, LAB, Etxalde, ESK, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Ekhilur, EH KOM, Talaios, Koop57, BAM (Burujabetzaren aldeko mugimendua), Butroi bizirik, Euskonet Elkartea, Goiener eta Izarkom dira manifestuaren sinatzaileak.

Elkartasun eta zaintzarako gaitasuna

"Internet eta argindarrik gabeko iluntasun hark argi erakutsi zigun, inoiz baino konektatuago gaudela uste dugun garaiotan, zein menpekoak eta zaurgarriak garen", diote manifestuan. Hala, itzalaldiak "ispilu" baten aurrean jarri gintuen euren esanetan, eta egungo energia eredua ezbaian jarri zuen, "gure oinarrizko beharrak oligopolio handien eta multinazional gutxi batzuen eskuetan" uzten dituelako. Horren aurrean, "herri alternatiba iraunkorrak pizteko" premia aldarrikatu dute.

"Urtebete geroago hemen gaude, lau haizetara aldarrikatzeko premiazkoak ditugula sare autonomo, demokratiko eta parte-hartzaileagoak"

"Urtebete geroago hemen gaude, lau haizetara aldarrikatzeko premiazkoak ditugula sare autonomo, demokratiko eta parte-hartzaileagoak; beharrezkoa dugula tokiko ekonomiak eta komunitateak indartzea; eta ezinbestekoa dugula guztionak diren oinarrizko ondasunen gaineko burujabetza berreskuratzea", dio Bilbon irakurritako manifestuak.

Gogorarazi dute itzalaldiak txanponaren beste alde bat ere erakutsi zuela, "elkartasunerako eta zaintzarako dugun gaitasuna", besteak beste. Eta "argi-printza" txikiak ere sortu zirela; Itzali sistema. Piztu alternatibak ekimenak jasotako babesa da horren erakusgarri, euren aburuz. "Orain da ekiteko unea. Herritarrok, erakunde publikoek eta kooperatibok indarrak batu behar ditugu trantsizio ekosoziala bultzatzeko. Itzalaldi gehiago saihesteko. Benetako alternatibak pizteko".
 


Argindarra kanalean gehiago
2025eko urriaren 8
Lurraldea eta arkitektura
Argiztapena

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.