Larunbatean ospatuko da All in da house freestyle txapelketaren finala Gasteizko Gaztetxean. Oholtza gainean sei freestylerrak izango ditugu Euskal preso politikoen alde inprobisatzen.
Aurten hamar urte bete dira gaztetxeko kide baten askatasunaren alde rapeatzen hasi zirenetik Gasteizen, Ekaitz in da house deituriko ekimenean. Behin Ekaitz aske geratu zela, preso politiko guztien askatasunaren aldeko ekimena bilakatu zen, All in da house izenpean.
Txapelketa Gasteiztik atera eta Euskal Herrian zehar ibili da azkenengo urteetan. Azaroan aurkeztu zuten aurtengo edizioa Iruñeako El Hadji gune autogestionatuan eta hiru kanporaketa egon dira finalera heldu baino lehen. Finalaurrekoak Oñatiko Antixena, Gernikako Astra eta Hendaiako Enbata gaztetxeetan izan dira.
Gauzak horrela, finalera heldu gara. Datorren larunbatean 18:30etan irekiko ditu ateak Gasteizko Gaztetxeak. 19:00etan hasiko dira kanporaketetan sailkatutako sei freestylerrak. Aurten Caliè, “Lil” Zikuta, Viñaspre, Estanga, Papaya eta Bizkarra izango ditugu oholtza gainean. Annekdotas eta Txuti izango dira aurtengo aurkezleak, eta Xerula izango dute laguntzaile bezala raperoei musika jartzen. 21.30 aldera, Showcase arabarra antolatu dute, Arabako raparen erakustaldia. Bukatzeko, azken ariketetarako sailkatutako bi finalistek amaiera emango diote aurten All in da houseko finalari.
