Gasteiz Antirrazistak deituta, kontzentrazioa egin dute ostegun arratsaldean Plaza Berrian. Asteazkenean URSSA eta EGA fabriketan egindako operazio poliziala gaitzetsi dute bertan.
Gasteizko Plaza Berrian elkarretaratzea egin dute ostegunean, Gasteiz Antirrazistak taldeak deituta eta herri mugimenduaren babesarekin. Asteazkenean Espainiako Polizia Nazionalak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak URSSA eta EGA fabriketan egindako miaketa eta identifikazio operazioa salatu nahi izan dute. Kolektiboak operatibo poliziala “eraso arrazista” bezala izendatu du.
Udalari egotzi diote bertan bizi diren ehun pertsona baino gehiagoren bizitzak duintzeko saiakerarik ez egitea, eta horren ordez miserian bizitzera kondenatu nahi dituztela. Halaber, operazioa polizia eta komunikabideen arteko elkarlanean egin zela salatu dute, diskurtso arrazista hauspotzeko asmoz.
Zerbitzu sozialek sarbidea ukatua izan zuten bitartean, polizia eta kazetariek soilik sartzeko baimena izan zutela gaineratu dute. Gainera, egungo erregularizazio prozesuan fabriketan bizi direnei dokumentazio gutxia kendu eta deportatuak izateko arriskua gehitu zaiela ohartarazi, eta horrek prozesua oztopatzen duela nabarmendu dute.
Kolektiboaren arabera, Eid al-Adha ospakizunaren egunean (musulmanen jai nagusietako bat) egindako operazioa ez da kasualitatea, ondo kalkulatutako eraso arrazista baizik. Baita ere salatu dute poliziak pertsona hauen gauzak lapurtu eta puskatu zituela, eta komunikabideek intimitate eskubidea urratuz lo egiteko lekuen eta egoteko txokoen irudiak argitaratu dituztela. Azkenik, Alderdi Popularra bertaratu zela salatu dute, bozkak lortzeko intentzioarekin.
Gasteiz Antirrazistak herriari kalera ateratzeko deia egin dio, pertsona guztientzat eskubide guztiak aldarrikatzeko.
