Orain arte auzapez izandako Philippe Aramendiaren Elgarrekin gibelean da oraingoz Urruñan (Lapurdi), ia %10eko galera izan baitu azkeneko hauteskundeekin konparatuta. Hala Sébasten Etchebarnek Ongi Bizi Urruñan zerrendaren buru, bozen %36,86 lortu du, Aramendik %35,13 eta Martine Mignotek %28,01. Behin behineko emaitzak dira eta lehia estuan joango dira, hortaz, bigarren itzulira.
Urruña, 11.000 biztanleko herria, Lapurdiko laugarren handiena da eta lur zabalera handia du, hala, eztabaidagai nagusi etxebizitza izan da, kostaldetik gertu dauden beste udalerri askotan bezala. Aramendik etxebizitza sozialen programa bat dauka abian jarrita.
Aramendik gordin hitz egin du hauteskunde gauean. Adierazi du kontuan eduki behar dela aurreko aldian baino boz gehiago jaso dituztela: "Guk proposatu dugun proiektuak urruñar gehiago konbentzitu ditu. Ez da aski, bigarren gara. Baina desberdintasun bat dugu biziki handia: gu talde bat gara, Etchebarne aldiz ez, ez da taldean ari, ez du proiektu bat Urruñarentzat". Horregatik, herritarrei hurrengo itzulian zeini bozka eman "ongi pentsatzeko" eskatu die Aramendik.