Baionako apezpikuak Urruñako apaiza kargutik kendu du, sexu erasoak egitea egotzita. Ez da salaketa bakarra: asteburuan bi sexu eraso salatu dituzte, bata Igorren eta bestea Etxebarriko jaietan, eta Iruñeko osteguneko bortxaketaren ustezko egilea kartzelan sartu dute.
Baionako elizbarrutiko apezpikuak Urruñako (Lapurdi) Xabier Zabaleta apaiza kargugabetu du, adin txikiko bati sexu erasoak egitea egotzita. 2024ko ekainean gertatu ziren erasoak, apaiza Beziersen (Okzitania) zegoenean, baina Baionako elizbarrutiak adierazi du aurtengo martxoan izan zuela salaketen berri.
2024ko udan Montpellierreko (Okzitania) artzapezpikuak erasoak ezagutu zituen eta justiziarengana jo zuen, gertatutakoaren berri ematera. Gaur gaurkoz, Bezierseko Fiskaltzak hartu du ikerketa. Fiskaltzaren arabera, apaizak ukatu egin du akusazioa.
Eraso gehiago
Bi salaketa eta kartzela zigor bat; Urruñakoa ez da sexu erasoekin loturiko kasu bakarra izan egunotan. Igorren (Bizkaia) adingabe baten aurkako sexu erasoa salatu dute, Begitu tokiko aldizkariak aditzera eman duenez. Salaketa umeentzako zerbitzua eskaintzen duen zentro bateko profesional baten aurkakoa da, eta auzia epaiaren eskuetan dago. Igorreko Udalak biktimari eta familiari elkartasun "osoa" helarazi die, eta indarkeria matxista gaitzetsi du.
Halaber, neska batek Etxebarriko (Bizkaia) jaietan egin dioten sexu erasoa salatu du larunbatean. Udalak, jai batzordeak eta txosnak bat egin zuten protestarekin, eta bertan behera utzi zuten gaueko programazioa.
Eta larunbat berean, iturri judizialen arabera, Iruñean 26 urteko gizon bat behin behinean sartu dute espetxean, finantzarik gabeko kartzela zigorra jarri diote, ostegunean Iruñeko Takonera parkean gertatutako bortxaketaren ustezko erruduna izateagatik.
Osteguneko goizaldeko hirurak aldera gertatu zen erasoa. Bi pertsonek etxera bidean zen biktimari eraso egin, lapurtu eta bortxatu egin zuten. Iruñeko Udaltzaingoak ustezko erasotzaileetako bat atxilotu zuen.