Urriko iraultza Katalunian

  • Irailaren 20ko Estatuaren atzaparkada, urriaren 1eko erreferenduma, urriaren 3ko greba orokorra eta independentzia aldarrikapena, horra Kataluniako etorkizun hurbila jorratzeko udazkenaren hasierak utziko dizkigun gertaera historiko klabeak. Eta azken bi asteetan Bartzelonan gertatu den guztiarekin, gaitza da independentzia ez den beste edozein biderik irudikatzea.

Argazkia: Irantzu Pastor

2017ko urriaren 03an - 09:56

Bide argia egin du katalan independentismoak atzoko bidegurutzera iristeko eta ibilian, Espainiako Estatuaren itxikeriaren aurrean, independentziaren aldarrikapena edota erreferendumaren arteko hautua egin behar izan du 2015eko udal hauteskunde autonomikoetatik hona. Eskuin-ezker biltzen duen mugimendu independentista zabalaren baitan tentsio handiak bizi ondoren, erreferendumaren hautua egin zuten. Bai Kataluniako herriak bai nazioarteak erreferenduma lehenestea hobeto ulertuko zutela pentsatu zuten hautu honen aldekoek; eta batez ere, zilegitasun handiagoz jantziko zutela ondoren hartu beharreko erabakia. Bete-betean asmatu zuten. Ondorio nagusia argia da:  igandeko erreferendumak independentziaren atarian jarri du Katalunia.

Herri bat kalean

Bartzelona hautatu genuen erreferenduma jarraitzeko, epizentroa, baina bertan kokatzea ez zen batere samurra izan. Zer jarraitu? Non kokatu? Zeri eman garrantzia? Guk Sants eta Gràcia auzoak hautatu genituen erreferendumaren iraultza jarraitzeko, oso biziak dira eta independentismoa indartsua da haietan. Goizeko 5:00etatik eguerdira arte auzo horietan izan ginen eta arratsaldean Bartzelonako erdigunean eta, bereziki, Auzo Gotikoko bozka-lekuan. Baina kosta zitzaigun bilatzea bozka-lekurik. Udaltzain bati galdetu genion eta goizean zehar gehienak itxi zituztela erantzun zigun, berak ere oraindik ezin izan zuela bozkatu eta 18:00etan lana amaitzean joango zela eskolaren batera.

Bartzelonako Sants auzoa zen, goizeko 8:00ak eta mahaiak osatzen ari ziren. Mahaietako jendea han inguruan zen eta apurka sartzen ziren txaloen artean.

 

Herri bat izango zen kalean eta beste bat etxeetan, jakina, eta guk kalean zegoen herri hori ikusi genuen, historia lehen lerrotik egiten duena. Goizeko 5:00etan eskolako atarira iritsi eta irudia itzela zen Santseko Hizkuntza Eskolan: familiak kalean, gazteak, adinekoak… denetik. Denak hautetsontziak defenditzeko prest, eta ez bakarrik zentzu metaforikoan. Mossoak hurbiltzen zirenean edo bestelako zantzuak agertzean, eskolako atean biltzen zen harresi humanoa. “Votarem”, “votarem”, hori zen etengabeko oihu nagusia, “bozkatuko dugu”, eta beste hainbatetan “Kaleak beti izango dira gureak”.

Hau ere goizeko 8etan izan zen, aurreko bideoa baino lehenxeago. Mossoak etorri ziren jakinaraztera itxi behar zela, baina ez zieten utzi hurbiltzen. Bazekiten hori gertatuko zela, baina bakoitzak bere rola betetzen zuen.

 

Tentsio handia, euri jasa, txaloak bozkatzera zihoazen zaharrenei, besarkadak botoa ematetik ateratzean, eraso zibernetikoa orain eta mahaien erdia geldi, gero berriz guztiak martxan, jende ilara itzelak… Edozein elkartasun keinu txalo zaparradaz hartzen zen. Sants eta Gràciako eskoletan behin eta berriro ikusten ziren irudiak dira. Guztia Mossoen etengabeko zaintzapean: hurbiltzen ziren atera jakinarazpenak egiteko, baina bueltan bidaltzen zituzten, batzuetan oihuz eta besteetan “hau da gure polizia” esanez. “Trapero heroi bat da guretzat”, esan zidan goizean taxistak eskolara bidean.

Irudi hauek arratsaldekoak dira, Auzo Gotikoan hartu nituen. ARGIAko txartelarekin eskuan, kazetari euskalduna nintzela eta ea pasa nintekeen, baietz noski esan zidaten irribarre handiz, eta zerbait behar banuen esateko. Milaka euskaldun izan ziren egun horietan Bartzelonan eta Katalunian, nonahi egiten genuen topo elkarrekin, eta mobilizazioetan edo kalean gu euskaraz entzunez gero, sarri entzuten genuen "eskerrik asko, eskerrik asko etortzeagatik" edo "hurrengoak zuek zarete".

 

Beste eskola askotan gertatzen ari ziren erasoen berri barreiatzen ari zen herritarren artean eta ezin ulertua zen erreakzio nagusia: “Botoa eman nahi izateagatik hau jasan behar?”. Gizarte osora zabaldu den sentimendua da, maila batean edo bestean. Ostera ere, oso argi geratu zen Madrilen dagoela katalan independentisten fabrikarik emankorrena.

Funtsean, igandean kaleak halako titulua utzi zuen: herri bat bere erreferendumaren, askatasunaren eta demokraziaren defentsan. Herriarenak topiko usaina izan dezake askorentzat, baina igandean Bartzelonako kaleetan ibili zenak argi ikus zezakeen hori. Hala ere, kalearekin bakarrik ez itsutzeko besterik ez bada, komeni da azpimarratzea erreferendumaren defentsa argia egin dutela Kataluniako Parlamentuko ordezkarien %80k.

Atzerrira begira ere Espainiaren irudia asko aldatu da irailaren 20tik aurrera. Nazioarteko, eta bereziki Europako, hedabide eta gobernu garrantzitsuenei gaitza egin zaie irenstea Madrilek arazoa bideratzeko erabili duen indar eta itxikeria maila. Igandeko eta asteleheneko nazioarteko prentsan argi islatzen da hori.

Independentzia aldarrikapena

Igandetik aurrera munduaren aurrean zerbait oso argi geratu bada zera da: kontakizuna ez da, orain arte bezala, aktore nagusi bat dagoela, Espainia, eta honek baduela barne arazo bat, Katalunia. Dagoeneko bi aktore dira, Espainia eta Katalunia, eta bien arteko arazoa bideratzeko negoziazioa ezinbestekoa da. Hori da katalan independentismoak irabazi duen kontakizuna.

Erreferendum bateko datuak beti dira oso garrantzitsuak eta ohikoan erabakigarriak, baina kasu honetan ez hainbeste, batez ere ez delako erreferendum normal bat izan. Madrilgo Gobernuaren erasopean egindako erreferendum bat izateko eta egin den klandestinitate baldintzetan egiteko, ia 2,3 milioi pertsonak bozkatzea sekulako garaipena da, batez ere horietatik %90 independentziaren aldekoa izan denean. Itxitako eskolen ondorioz, beste 700.000 pertsona bozkatu gabe geratu dela kalkulatzen da.

Baina ez da erreferendumaren emaitza bakarrik izan, garaipena beste esparru askotatik ere etorri da, batez ere, kalearen indarra eta esparru instituzionala uztartzetik. Gizarteak bultzatu du esparru instituzionala independentziarantz, honek egoki erantzun du eta kaleak instituzioek hartutako erabakien zilegitasuna babestu eta defenditu du. Horra indar metaketaren zikloa. Bide horren orain arteko azken geltokian, Kataluniako Legebiltzarrak independentzia aldarrikatuko du astearte goizean. Eta berriz buelta ziklora: greba orokorrak defendituko du independentziaren aldarrikapena.

Herritarren poza Bartzelonan, erreferendumaren emaitzak jakitean. Argazkia: Javi Julio

Bi irudi: errepresioa eta herritarren indarra

Madrilek erabilitako indarkeria izan zen urriaren 1ak hedabideetan utzitako irudi nagusia. Basatia izan zen, gure inguruko beste polizia askoren jokaerak askotan diren modukoak, eta katalanek munduaren begiak gainean izatearen zortea ere izan dute. Atzerrian egin duten lanketa handiaren emaitza ere bada.

Poliziaren  indarkeria hori irudi bat zen, zalantzarik gabe, baina ez nagusia. 2.300 bozka-lekuetatik 100 bat ziren indarkeria hori jasaten ari zirenak, beste 200 indarkeria barik itxi zituzten Mossoek. Itzela izan zen, baina hori egunaren irudi nagusi bihurtzea ez guztiz egiazkoa. Errealitate sendoagoa zen bi milioitik gora pertsona beren bozka lekuak defenditzen eta botoa ematen ari zirela, tentsio handiz, bai, baina sekulako sendotasunez eta alaitasunez ere bai.

Gràcia auzoko La Fontanako bozka-gunea hautatu genuen itxiera jarraitzeko. Eguneko sarraskiengatik minduta bai, baina pozez zoratzen zeuden bozkatzea lortu zutelako.

 

Bartzelonako gauza deigarrienetakoa izan da erreferendumaren prestaketaren maila handia, esparru guztietan gainera. Eta paradoxarik handiena Generalitateak prestatu behar izan duela erreferendum klandestino bat, hori bai, herritarren laguntza ezinbestekoarekin. Ostiralean eta larunbatean klandestinitatea usaindu egiten zen Bartzelonan, erreferendumaren ingurumarira hurbilduz gero:  “Zu nor zara”, “norbait etorriko da”, “ez dakit”, “dagokionean jakingo dugu”…  “Nor da arduradun?”, galdetzen du mossoak, “guztiak gara” erantzuten dute herritarrek aho-batez eskola atarian.

Espainia leherketaren beldur

Eta Espainiako Gobernuak zer? Izango da erasotik politikara igarotzeko gai? Hurrengo kapitulu batean jorratu beharko da, baina antzera jarraituko duela pentsatzeko arrazoi asko daude; hori bai, orain katalanei goxokia lehenago eman ez izanaren damuaz, eta diskurtsoa modulatu beharrean. Orain independentzia eta erreferendum adostuaren artean mugitu beharko da. Hori guztia Mariano Rajoyri 78ko Espainia muturren aurrean lehertzen ez bazaio.

Josep Fontana historialari katalan handia ere komeni da gogoan izatea. Hala dio egunotan Kataluniaren independentziaz galdetzen diotenean: “Bai, Generalitateak esango dio Madrili, mesedez atera itzazu zure armada, polizia eta Guardia Zibila Kataluniatik, eta haiek erantzungo dute, itxaron pixka bat, oraintxe bertan”. Ez dira hitz zehatzak, baina ideia hori da. Bistan da, hori kontuan ez izatea inozoa litzateke. Katalan independentistek badakite hori, baina Espainiari begiratzean garrantzi handiagoa ematen diete ostiral gauean Bartzelonako kanpaina amaierako ekitaldian Jordi Cuixart Omniumeko lehendakariak 80.000 lagunei luzatutako berbei: “Nik beldurrik ez badut, zuk ez duzu indarrik”.

Espainiako segurtasun indarren erasoen ondorioz 800dik gora zauritu izan ziren herritarren artean.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako erreferenduma
Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


2022-09-14 | ARGIA
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen

Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko... [+]


2022-08-31 | ARGIA
Kataluniako buruzagi independentisten eskubideak urratu zituen Espainiako Estatuak, NBEren arabera

Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikarien kargugabetzeak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratu zuela ondorioztatu du NBEk.


2022-05-25 | ARGIA
Kataluniako presoen indultuak berrikusiko ditu Espainiako Epaitegi Gorenak

Gorenaren hirugarren aretoak iritzia aldatu du eta indultuari jarritako helegiteak aztertzea erabaki du orain. PSCk “espero du” indultatuak espetxera ez bueltatzea, eta Carme Forcadellek adierazi du “edozer gauza” espero duela Gorenetik.


Eguneraketa berriak daude