argia.eus
INPRIMATU
Urriaren 8an itzalaldi handi bat egitera deitu dituzte herritarrak, argindarraren garestitzea salatzeko
  • Gaueko 22:00etatik 22:30era etxeetako argi guztiak itzali eta kazola-jotzea egiteko deia luzatu dute Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat alderdi politikok. Elektriketatik deskonektatu! lelopean antolatu dute ekimena.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 16a
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Argindarraren garestitzearen atzean dagoen "iruzurra" salatzeko itzalaldi handia deitu dute datorren urriaren 8an, ostiralarekin, Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat alderdik. Duela bi urte Llotja De Marreko adierazpena sinatu zuten indar politikoak dira deitzaileak: EH Bildu, ERC, Junts X Cat, PDeCat, Crida Nacional, CUP, BNG, Demòcrates, Esquerra Valenciana eta MÉS per Mallorca.

Elektriken oligopolioaren "xantaiaren" kontrako ekimena dela azaldu dute eta salatu dute PSOE eta PP izan direla sektorea desregularizatu, pribatizatu eta egungo egoerara eraman dutenak. Argindarra etengabe ari da igotzen azken hilabeteetan Espainiako Estatuan eta horren aurrean haserrea adieraztera deitu dituzte herritarrak, argiak itzali eta "soinua eginez".

Kontsumitzaileei "lapurreta" egiteaz gain, enpresa handi horiek argindarra sortzen duten lurraldeak "espoliatu" eta ingurumenari eta gizarteari sekulako kaltea ere egiten dietela gogorarazi dute, eta hori burujabetza faltaren ondorio ere badela: "Gure herriek subiranotasun energetikoa ez izateak oso garesti ateratzen zaigu galiziarroi, katalanoi eta euskal herritarroi. Bada garaia gure nazioen eraikuntzan ere burujabetza energetikorantz aurrera egin dezagun, ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak izan ditzagun", azal dute.

Sindikatu eta eragile sozialak gonbidatu dituzte ekimen honekin bat egin eta itzalaldian ere parte hartzera.