Asteartean EH sareko partaide batek Mozal Legearen bidez jasotako isun baten harira epaiketa izango du. Mendian, sarraskitu nahi dituzten mendi horietan ibiltzearren eta lurraldearen, lurraren, zaintzan eta defentsan aritzearren ertzaintzaren jazarpena jasan zuen. Beste behin Mozal Legea baliatzen dute inongo bermerik gabe militantzia bat zigortzeko, gelditzen ahalegintzeko.
Egitasmo suntsitzaileen sustatzaileek edozein baliabide darabilte beraien negozioak aurrera ateratzeko; izan Lautadan Solariakoek lurjabeak kikildu eta iruzur egiteko erabilitako jokabide mafiosoak, Nafarroan Kaparrosoko makroetxaldearen aurkako ekintzaileen epaiketa edo AHTren sundaketetan lurjabeen gainetik berauek burutzeko baliaturiko trikimailu juridikoak, Lapurdin Marienia auziko atxiloketa eta epaiketak eta noski, hertsapen ekonomikoa, honakoan bezala.
Mugimenduak ekonomikoki ito eta agortzea helburu duen politika baten zutabe nagusia da Mozal Legea
Mozal Legeak gure kidearena bezalako muntai-polizialak ahalbideratzen ditu. Polizia baten hitza soilik ontzat emanaz eta inolako frogarik aurkeztu beharrik gabe edonor zigor dezakete, egintzen egiazkotasunak axolarik izan gabe. Defentsarako eskubide oro ezerezean geratzen da, lehenengo ordaindu eta gero nahi baduzu izango duzu zure burua defendatzeko eskubidea! Mugimenduak ekonomikoki ito eta agortzea helburu duen politika baten zutabe nagusia da Mozal Legea. Beraz, nahitaezkoa da lege hau bere osotasunean bertan behera uztea.
Natur eta landa-eremuen defentsa eskubidea baino betebeharra dela uste dugu
Natur eta landa-eremuen defentsa gure eta gure ondorengoen biziraupenaren bermea dira eta eskubidea baino betebeharra dela uste dugu. Aurrera eraman nahi diren egitasmoak burutuko balira ez genuke ezta elikagaiak lortzeko gutxieneko eremu bat izango, ez badugu klima aldaketagatik ia jasangaitza izango litzatekeen lurralde batean argindarra eta porlana jan nahi behintzat. Ezinbesteko da tamainako erokeria honen aurrean altxatu eta aurre egitea, ezein xantaiaren gainetik. Ez digute balio ingurugiro arazo eta klima larrialdiaren sustatzaileek inposatu nahi dizkiguten sasi-irtenbide interesatuek. Irtenbidea lurraren defentsan antolaturiko herritarrotatik etorriko da.
Gure babes osoa adierazten diogu epaitegian izan behar den kideari, horretarako dei egiten dugu Urriak 29, asteartea goizeko 9:30etan Gasteizko epaitegiaren aurrean burutuko den prentsaurreko eta bilkurara.