Euskaraz soilik egiten den zinema jaialdirik zaharrenak 49. urteurrena ospatuko du aurten. Egitarau aberatsa osatu dute, eta sail ofizialean lehiatuko diren hogei lanez gain izango dira solasaldiak, proiekzio bereziak, tailerrak edo topaketak.
Dena dugu kontatzeko lelopean antolatu dute aurtengo edizioa, euskal zinemagintzaren alde lanean jarraitzeko asmoa mahaigaineratzen duena. Gentzane Agirre jaialdiko arduradunaren esanetan, aurten zailtasunak izan dituzte sail ofizialean parte hartuko duten hogei lanak aukeratzeko, aurreko urteetan jasotako hautagai kopurua ia bikoiztu baita. Horrek aurreko urteetan parte hartuko zuten filmak kanpoan uztera “behartu” ditu antolatzaileak.
Sail ofizialean ordu erditik beherako euskarazko hogei film lehiatuko dira: Galdetzen duten begiradak (Ander Reviejo Churruca), Iraganeko mamuentzat (Eñaut Rodriguez Beloki), 700 (Oier Romatet eta Araitz Garate), Zisne Beltzak (Iban del Campo Uribarrena), Idi (Beñat Gereka Bikuña), Inoiz Ez (Guillermo Uria Viar), Loa Loa (Elene Ocariz Ruiz), Pepa (Unai Guerra Buenetxea), Hogeitabat (Elene Mengyu Larrinaga Bilbao), Joare tte (Ekaitz Bertiz), Abata (Aner Etxebarria eta Pablo Vidal), Eguneroko Legez (Julen Duhau Larrañaga), Mendialdeko ogia (Unai Ruiz Ameztoy), Potasio (Josu Martinez), MA (Ekain Martinez de Lizarduy Stürtze), Berpiztu (Iker Gozategi Intxauspe), Zezena eta umea (Igor Garcia Piñas), Mintzo Zen (Aitor Arruti eta Izaro Arruti), Geratzen den hori (Aitor Gametxo Zabala) eta Urdaibaiko Sakrifizioa (Galder Irusta).
Sail ofiziala baino gehiago
Asteazkenean hasiko da jaialdia, gazteentzako Ikasle Goiza saioarekin. Arratsaldean, herriko kultur etxeko Azkue aretoan egingo dute lehenengo proiekzio berezia: Zahartzaro feministarantz, Boga-Boga, Ondarroako emakumeen esperientziak oinarri dituena. Larunbaterako solasaldia antolatu dute Irati Gorostidirekin. Zuzendariak Aro Berria filmaren sormen prozesua izango du hizpide.
49. edizioak sari berri bat izango du: EiTB ikusleen saria ikusleek aukeratuko dute beren bozkekin. Horrez gain, aurten Jose Ramon Soroiz aktoreari Euskal Zinearen Begirada saria emango diote, 1970etik gaur arte egindako ekarpen “zabal, iraunkor eta belaunaldi artekoa” aitortzeko. Egitarau osoa jaialdiren webgunean dago ikusgai.
Ia mende erdiko ibilbidearen ondoren, Euskal Zine Bilera “etortzeko dagoenari” begira dago, antolakuntzatik adierazi dutenez: sortuko diren istorioei, lehen filmak egingo dituztenei, aurkituko diren ahotsei eta euskarazko zinemak zabalduko dituen bide berriei, euskarazko zinemak dena baitu kontatzeko.