Amerikako jatorrizko herrien genozidioaren hasiera ospatzen da urriaren 12an, eta, ARGIAn ez dugu bat egiten jai egun horren atzean dauden ideiekin, ez dituztelako gure balioak ordezkatzen. Horregatik gaur, astelehena, lan egiten ari gara. Lasarte-Oriako egoitza zabalik dago eta webgunea ere normaltasunez ari gara elikatzen.
ARGIAn aspaldi hasi ginen gure balioetan oinarrituriko lan egutegia osatzen. Uztailaren 14 (Frantziako Egun Nazionala) eta abenduaren 6a (Espainiako Konstituzioaren Eguna) ere lan eguna dira guretzat, eta abenduaren 3a (Euskararen Eguna) jai ofizial bihurtu dugu.
Lan egiteaz gain, ospakizun horien atzean dagoena salatu eta beste ikuspegi bat ematea ere badagokigula uste dugu. 2019ko urriaren 12an, ARGIAren 100. urteurrenean, “Deskolonizatzeko Eguna” antolatu genuen Donostian, esaterako. 2022an, Axier Lopezen eskutik Elkanoren eta Euskal Herriko kolonialisten historia bat argitaratu genuen, liburu honetan: Gure heroiak.
Gaur, batetik, Martín Rodrigo y Alharilla historia irakasle katalanari egindako elkarrizketa berreskuratuko dugu webgunerako: “Euskal Herria ere nabarmentzen da esklabotzari buruzko memoria-politika ezagatik”.
Bestetik, urriaren 7an palestinarren aurkako genozidioa gogortu zela hiru urte bete berri direnez, eguna baliatu nahi dugu Palestinako herriari elkartasuna adierazi eta Israelen okupazioa salatzeko, iragan kolonialismo eta zapalkuntzen aurka gauden modu berean baikaude egungoen kontra.
Halako egutegi burujabeak eta egitasmoak bultzatu nahi badituzu, egin zaitez ARGIAko kide!