Urriak 12 ditu berriz


2026ko urriaren 12a - 15:59
Aritz Ibarra
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Urriak 12 ditu berriz. Urtebete igaro da, hortaz, Falangea Gasteizera etorri zenetik. Urtebete Ertzaintza, Falangearekin bat eginik, euskal gazteriari bortxa neurrigabeaz oldartu zitzaionetik. Urtebete ertzain batek distantzia laburretik foam jaurtigailu batekin aurpegira tiro egin eta ahoa txikitu zidanetik.

Une hartan azaldu nuenez, nik Ertzaintzaren aurka salaketa jarri eta egun gutxira auzipetu ninduten. Hasieratik aitortu nituen ekintzak eta asmatutako beste hainbat egotzi zizkidaten, ahalik eta gogorren zigortzeko asmo argiz. Baina nire kasua ez da salbuespena. Gezurrez eta manipulazioz beteriko atestatu batean oinarrituta, euskal gazte andana dago prozesaturik geroztik, epai baten zain.

Jaso nuen kolpea argitara atera nuenean, Segurtasun sailburuak auzia argitzeko ikerketa bat abiatuko zela adierazi zuen. Alabaina, urte honetan, masailezurra hautsi zidan kolpearen inguruko aipu bakar bat ere ez du egin Ertzaintzak, ez bere atestatuan, ez eta prozesu judizialean egindako deklarazioetan ere. Are gehiago, nik kolpe hori jaso izana zalantzan jartzen saiatu dira ertzainen abokatuak –eskerrak irudiak dauden!–. Bien bitartean, gezur nabarmenak bota dituzte ertzainek beren deklarazioetan: existitu ez diren –eta, ondorioz, aurkitu ez diren– makilak eta gasolina pote bat ikusi zituztela esan dute, eta inoiz gertatu ez diren kolpeak ematea, ustezko taktika militarrak erabiltzea eta poliziak erailtzeko asmoa egotzi dizkigute, besteak beste. Aldi berean, Falangea zuritzeko saiakera etengabea izan da –egun hartan falangistak identifikatzeko, miatzeko eta haien aurkako bide penala abiarazteko inolako lanik hartu ez izana nolabait justifikatu beharra zegoen, noski–.

Ez dut gorrotorik sentitzen, baina gure herrian biolentzia erabiltzeko ustezko legitimitatea dutenen azpijokoek ezkutatu ezin dudan erdeinua eragiten didate. Zigortu nazazue nahi baduzue, baina ez iezadazue lezio moralik eman, mesedez.

Aritz Ibarra

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.