argia.eus
INPRIMATU
Aldarrikapenez beteta etorriko da Herri Urrats, 40. urteurrenean
  • Aurten 40 urte beteko ditu Herri Urratsek eta, “sorpresaz beteta” etorriko da, antolatzaileek ARGIAri azaldu diotenez. “Urratsak zubi” lelopean, maiatzaren 14an egingo da festa Senperen eta aldarrikapenek leku inportantea izango dute, azterketak euskaraz egin ahal izatea kasu. Jaiaren kantua Su Ta Gar taldeak egingo du eta udaberrian aurkeztuko dute.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 25a
Argazkia: Herri Urrats

Ipar Euskal Herriko ikastolentzako diru-iturri garrantzitsua da Herri Urrats. Antolatzaileen hitzetan, kolegioetan kopuruak azkar ari dira hazten: “Azken urteotan Xalbador eta MEEK kolegioak handitu ditugu eta jadanik beteak dira. Egun, Piarres Larzabal Ziburuko kolegioak gainezka egin du eta ezinbestekoa dugu bosgarren kolegioa. Senpereko kolegioak, Zuraidetik Basusarri arteko ikasleak errezibituko ditu; lanak joan den abenduan hasi ziren, eta heldu den irailerako prest izanen da kolegioa lehen 80-85 ikasleak errezibitzeko gisan”.

Aldarrikapen eguna

Diru-iturri bakarrik ez, aldarrikapen eguna ere bada ikastolen jaia, eta Brebeta eta Baxoa azterketak euskaraz egin ahal izateko borroka oso presente izango da aurten. “Bi hilabete gelditzen dira Baxoko berezitasunendako, eta Parisek mutu jarraitzen du. Hezkunde ministeritzak Euskal Herria mespretxatzen segitzen du, Blanquer garaian bezala, Ndiaye garaian berdin. Baina gu ez gaituzte lokarraraziko, gure haurren oinarrizko eskubideen defentsan tinko segituko dugu. Azterketak euskaraz izan daitezen aldarrikatzeko. Euskal Herri osoa aterako da karrikara gure hizkuntzaren defentsan”.

3 urteko ikasleari Beskoitzeko ikastolan bazkaltzeko baimena ukatu dio Herriko Etxeak, eta hori ere salatzeko baliatuko dute jaia. “Dei bat egiten diogu auzapezari, ez dadin itsutu eta berehala konpondu dezan errazki konpontzen ahal den egoera”.

Aurtengo leloa: Urratsak zubi

“Zubiek herri hau batu egiten dute. Zubiek punta bat eta bestea batzen dute, eta Herri Urratsek azken 40 urte hauetan zubi lan handia egin du Iparraldearen eta Hegoaldearen, euskararen eta jendartearen artean, Seaskaren eta jendartearen artean, Ikastolen eta jendartearen artean”, adierazi dute antolatzaileek. Eta ohartarazi dute, etorkizuna segurtatzeko garrantzitsua dela zubiak eraikitzen eta hauen zimenduak indartzen jarraitzea.

Logoa 40. urteurrenari lotutakoa da, eta hasieran aurkezturiko logo honi pixkanaka gauzak gehitzen joango zaizkio. Jaiaren kantua Su Ta Gar taldeak egingo du eta udaberrian aurkeztuko dute.

Herri Urrats ospatu aurretik ere, ekintza ugari antolatu dituzte. Tartean, Hitzetik Urratsera bertso saioa, martxoaren 5ean, Senpereko Larreko gelan. Euskal Herriko txapelketako zortzi finalistak arituko dira. Apirilaren 2an berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 35 urte bete dituztela eta Herri Urratsek 40 egin dituela ospatzeko “zorion besta erraldoi bat izango da” Baionako Lauga aretoan.