Euskal Herria pentsatzeko eta eraikitzeko urteko "leihoa" zabaldu dute. Euskal Herrigintzaren Kaierak izeneko aldizkaria jaio da; Telesforo Monzon eLABek aurkeztu du. Urtean behin argitaratuko dute eta euskal herrigintzaren inguruko gogoeta, ikerketa eta eztabaida estrategikoak biltzeko sortu dute. Lehen zenbakia esku artean, 150 orrialdeko izkribua da.
Urko Aiartza Telesforo Monzon eLabeko kidearekin hitz egin dute Euskalerria Irratian. Hemen elkarrizketa irakurgai eta entzungai:
Zer aurki dezakegu lehen zenbakian?
Kaiera hauen helburua da laborategiak egiten dituen gogoeta, hausnarketa eta ikerketak biltzen joatea. Aldizkarian gai desberdinak aurki daitezke. Batzuk nazio gogoa atalean biltzen ditugu, naziometroak biltzen dituen ondorioekin, elkarrizketak daude Asier Etxenike soziologoarekin; beste atal handi bat hizkuntz politiken ingurukoa da, iaz lan nahiko egin genuen eta proposamen batzuk mahaian jarri genituen EAEko parlamentura ere eraman genituenak. Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideari egindako elkarrizketa dago, adibidez, nazio gogoa atalean.
Etorkizunari begira jartzen zarete erronka estrategikoak aztertu, ezagutza sortu eta gizartearekin partekatzeko. Aldizkariak ere balioko du horretan aletxoa jartzeko?
Bai, hori da xedea. Guk estatus juridikoari edo politika publikoari lotutako lan bat egiten dugu eta hori gizarteari helarazi nahi diogu, gogoetarako aldizkaria izatea nahi dugu, ekarpena egitea. Zenbaki mardula da, baina egindako lan guztia bildu nahi genuen eta gizartearen zerbitzura jarri.
Nori zuzendutako aldizkaria dela esanen zenuke?
Bi hartzaile nagusi ditugu: herrigintzan ibiltzen diren erakunde eta elkarte guztiak; bai nazio gogoaren barruan biltzen direnak, estatus juridikoaren inguruan dabiltzanak eta politika publikoan dabiltzanak, eta oro har, unibertsitateko irakasleei ere zuzenduta dago. Noski, ahaztu gabe herrigintzan interesa duen edonor.
Nola eskuratu daiteke ale bat?
Batez ere sarean eskuratu daiteke modu digitalean. Buletin batera izena emateko aukera ere badago eta aldizkaria etxera bidaltzen dugu.