Uribismoak Kolonbian baino lehenago irabazi zuen Euskal Herrian

  • Aieteko bake prozesua lurreratzea pista bat izan zen ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri zezan, baina baita bake prozesu saio berri baten hasiera ere. Osagai guztiak ziren mahai gainean: ETAren biolentziaren amaiera, nazioarteko sostengu handia, euskal gizartearen ordezkaritza politikoaren %80aren adostasuna eta mende erdiko orrialdea behingoz pasatzeko sekulako ilusioa euskal gizarte osoan.


2016ko urriaren 20an - 16:19
Donostiako Aiete Jauregian 2010ean egindako Bake Konferentziaren irudiak. (Argazkia: Dani Blanco)

ETAren eta, oro har Ezker Abertzale osoaren, aldebakartasunean oinarritzen zen prozesua, baina Aieteko egunetako beroan, gutxik imajina zezakeen alde bakartasuna hain bide bakarrekoa izango zenik. Argi zegoen ETAk aukera gehiegi galdu zituela ezker abertzale osoa askoz egoera duinagoan ateratzeko borroka armatuaren atakatik, eta horrek ondorioak ekarriko zituela Aieteren ondorengoan ere, bai eremu politikoan bai humanoan. Baina nekez pentsa zitekeen hain ondorio gordinak izango zirenik. Funtsean, bake prozesuari dagokionez bederen, uribismoak Kolonbian baino lehenago irabazi zuen Euskal Herrian.

Bake prozesua, eraiki baino hondoratu egin zen. Hiru adar nagusi ditu gaiak. Lehena PPri eta Espainiako Gobernuari dagokie: hainbat arrazoirengatik ez dute bake prozesurik nahi eta listo; aurreikusi zitekeen. Bigarrena ezker abertzaleari dagokio: 2011ko bere garaipen politiko handiaren bakardadean galdu zen; prozesua aldebakartasunean oinarritzen bada, askoz gehiago egitera behartua dago. Hirugarrena, funtsean, EAJri: besteak beste, ezker abertzalearen hegemoniaren beldur eta lehia politikoaren gordintasuna medio –hor konpon Marianton, esan zion ezker abertzaleari– bake prozesuaren eraikuntza geldiarazi zuen.

Ba al da aukerarik oraindik?

Bake prozesuak, gutxienez, behar zuen EAJren eta ezker abertzalearen elkar ulermen serio, sakon eta blindatua, gero euskal gizarteko beste sektore batzuk berenganatzeko. Zalantzarik gabe, Aieteren berotasunean lor zitekeen beste gizarte berotasun bat, norabide horretan bultzatu izan balitz. ETAk asko egin zezakeen eta dezake, baina bake prozesurik bakarrik eraiki ez. Bake prozesua Madril gabe askoz zailagoan izango zen, eta ezingo litzateke amaieraraino eraman –presoak bere esku daude–, baina gainerako gai guztietan urrats oso handiak eman ahal izango ziratekeen: biktimak, minaren aitortza, erreparazioa, memoria, bizikidetza, armak…

Orain kontua da abiatu den legealdi honetan posible den inoiz guztiz itxi ez den bide hori ganoraz berrantolatzea. Bake prozesu klasiko gisa egiteko trena pasatu da, baina ez bake prozesuaren gaiak jorratu eta sakontzeko. Kolonbiarentzat hain ona den hori ezin da txarra izan Euskal Herriarentzat; eta txarra ez bada eraiki egin behar da. Ezingo da egin sostengu instituzional eta, batez ere, sostengu sozialik gabe.

Gaur egun bada baldintzarik bideari berriz ere behar legez heltzeko. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Duguk badute erantzukizunik horretan. Baina baita sindikatuek ere, enpresa munduak, unibertsitateak eta, oro har, gizarte zibilak. Nekez izan dezake Eusko Legebiltzarrak halako egoera bat bideratzeko aukera egokiagorik. Eta zeresanik ez, Nafarroako Legebiltzarrean ere haizea alde.

Usteldu baino bideratu, hobe denontzat

Espainiako Gobernurik gabe ETAren armagabetzea askoz gaitzagoa da, baina ETArentzat armak euskal gizartearen gehiengoaren esku uztea posible izan behar du, eszenatoki hori eraikiz gero bederen. Ezker abertzaleak gaurtik eman dezake urrats gehiago autokritikaren esparruan sakonduz, baina testuinguru egokiak asko lagunduko lioke horretan. Biktimak, memoria, egia, justizia eta erreparazioan eman dira urratsak azken urteetan, eremu batzuetan gehiago besteetan baino. Baina bistan da askoz gehiago egin beharko dela, hobe era ordenatuan eta bateratuan, bakoitza solorik solo ibili beharrean baino. Nork jar dezake oraindik zalantzan mende erdiko gatazkaren ondorioak ahalik eta txukunen ixtea hobea dela, berez usteltzen uztea baino? Orduan?

Hori guztia eta askoz gehiago ere gerta liteke –baita Espainiako Gobernua erakarri edo behartzea ere–  euskal gizarteari uribismoaren leizean sakonago erortzen uzten ez bazaio. Baina, dena aitortzera, ez dago batere erraza.

   

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal bake prozesua
Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


Atristain eta Inziarteren kartzelatzeekin hirugarren gradua fiskalaren esku dago, espetxearen esku egon beharrean

Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte euskal presoak Martuteneko espetxera itzuli ziren joan den martxoaren 13an, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak haien hirugarren graduei fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren.


Blokeo egunaren harira, gibelapenezko 800 euroko isuna jaso dute bederatzi bakegileek

Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.


2022-11-15 | ARGIA
Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera deitu dute, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko

Etxera bidea gertu lelopean manifestazio bateratua egingo dute Sarek eta Bake Bidea-Bakegileek, pandemiagatik bi urtez mobilizazio jendetsu hori egin gabe egon ostean. “Duintasuna eta bizikidetza lortzeko itxaropena” ere izango dituzte aldarri, euskal presoen... [+]


Eguneraketa berriak daude