Ortzegun honetan abiatu da Gazte Euskaltzaleen Sareak (GES) antolaturiko martxa: Urepelen hasi, eta larunbatean amaituko da, Iruñean. Bertan bat eginen du Euskalgintzaren Kontseiluak deituriko Euskaltzaleon Martxarekin. Izar Zubiaga GESko kidearekin egon da ARGIA.
“Urepeletik Bilbora, abia dadin Korrika! Euskara da kanpora ta denok Korrikara”, zioen 19. Korrikaren abestiak. Hamaika urte geroago, ordea, helmuga ez da Bilbo, Iruñea baizik; parte hartzaileek ez dituzte lasterka egiteko oinetakoak jantzi, mendiko botak baizik; eta ez dute lekukorik eskuetan, baina bai euskararen aldeko konpromisoa bizkarrean.
Izan ere, ortzegun honetan Urepeletik (Nafarroa Beherea) abiatu da Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatutako hiru eguneko martxa, eta Nafarroako hiriburuan amaituko da, larunbatean. Gazte euskaltzaleok bidea urratu lelopean, euskararen aldeko konpromisoa indartu eta gazte euskaltzaleak saretzea izanen dute helburu. Helmugan, gainera, bat eginen dute Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Euskaltzaleon Martxarekin.
Gazte Euskaltzaleen Sareko kide Izar Zubiagak (Durango, Bizkaia, 2006) azaldu du Euskalgintzaren Kontseiluari ekarpen “kuantitatiboa eta kualitatiboa” egin nahi izan diotela: "Ahalik eta gazte gehien Euskaltzaleon Martxara mobilizatzeaz gain, martxaren inguruan kokatzeko eta politizatzeko ere pentsatu dugu gure ekimena”.
Martxa formatua berreskuratzeko "premia" ikusten zutela erran du Zubiagak: "Interesgarria iruditzen zitzaigun gazteei aisialdi eta borroka eredu hau eskaintzea". Ekimenaren lehen txinparta aurtengo 24. Korrikan sortu zen.
Gazte Euskaltzaleen Sareak Korrikaren baitan dinamikak antolatu zituen, eta gazteen artean "aktibazio handia" eragin omen zuen: “Gazte kilometro pila bat sortu genituen, eta guk egindako zapia Euskal Herri osoko gazte askok jantzi zuten. Korrikan sortutako indar eta grina horrek potentziala zeukala iruditzen zitzaigun, eta aprobetxatu behar zela”.
Ibilaldia antolatzen, ordea, Aste Santuen bueltan hasi ziren. Bortz pertsonek osatzen dute taldea, baina Zubiagak nabarmendu du euskararen aldeko eragileekin elkarlana ere “funtsezkoa” dela: “Oraingoan Euskalgintzaren Kontseiluarekin hartu-eman handia eduki dugu, gazteak haien martxara bideratu nahi ditugulako”.
Antolatzaileen ustez, ekimenak “harrera ona” eduki du: “Gazteak pozik daude; borrokarako, antolatzeko, elkarren artean ezagutzeko eta saretzeko gogoa daukate”. Zifren aldetik, esperotako aurreikuspenak bete direla adierazi du Zubiagak: "Guztira, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako laurogei bat gazte bildu dira”.
Adin tarteari dagokionez, Zubiagarentzat “pozgarria” da gaztetxo anitz batu izana: “Ikusten da orain datozen belaunaldiak borrokarako gogoz datozela”. Zubiagaren arabera, “euskal pizkunde bat” emateko baldintzak egon badaude, baina oraindik gehiago sortu behar dira.
Pizkundea gauzatzeko, ekimenak antolatzen segitzea inportantea dela uste du Zubiagak: “Begirada bat sortzen da esaten diguna euskararen aldeko borroka hautu indibiduala izateaz gain, kolektiboa ere badela".
Hain justu, talde bateko kide izatearen sentsazioa areagotzea da Gazte Euskaltzaleen Sarearen helburua: "Gazte euskaltzaleentzako tresna bat izan nahi dugu, euskararen aldeko borrokarekin lehen kontaktua eduki dezaten, politizatu daitezen eta saretu daitezen". Egindako lana "fruituak ematen" ari dela dio, gazteek "gero eta konpromiso handiagoa" baitute.
Izar Zubiaga: "Egungo oldarraldi politiko, mediatiko eta juridikoari hortzak erakustea eta desobeditzea besterik ez zaigu geratzen".
Olatua indartsua izan arren, haizea kontran dutela gaitzetsi du, "egungo oldarraldi politiko, mediatiko eta juridikoak gazteen euskararekiko atxikimenduan eragiten baitu”. Beraz, oldarraldiari "hortzak erakustea" eta "desobeditzea" bertzerik ez zaiela geratzen erran du Zubiagak.
Ibilaldiaren hasiera Urepelen paratzeak, erraterako, badu desobedientziatik. “Ezartzen zaizkigun arau eta muga arrotz horiek gainditzeko aukeratu genuen Urepele”. Xalbadorren herriak hautatua izateko “ezaugarri guztiak” betetzen zituela aitortu du Zubiagak: “Argi dago oso herri polita dela, eta Iruñera oinez iristea ahalbidetzen digu. Gainera, Ipar Euskal Herriko gazteek gertuago dute, eta haiengana heldu nahi genuen”.
Urepeleko harrera ekitaldian, ortzegun honetan, keinu bat egin nahi izan diete Baxoa Euskaraz aldarrikatzen duten ikasleei: “Ikasle horien problematikarekin argi islatzen da oldarraldi honek nola eragiten digun gazteoi eta ikasleoi”.
Ibilaldiarekin hasi baino lehen, beraz, elkartasun argazki bat egin dute: “Desobedientzia ekintza horiek beste guztiontzako indarra ematen digute, eta erakusten digute posible dela ezartzen dizkiguten lege espainolistei eta frantsesei kontra egitea, eta bestelako Euskal Herri bat eraikitzea: Euskal Herri euskaldun bat edo euskararen herri bat, hain zuzen”.
Ekimen hau ez da ibilaldi bat soilik. Aitzitik, hainbat ekintza antolatu dituzte hiru egunetarako. Ortzegunean, erraterako, Orreagako guduaren inguruan azalpen historiko bat eduki zuten, eta Auritzera (Nafarroa) heldu zirenean mural bat margotu zuten. Egunari akabaila emateko, berriz, Auritzeko gazteek afaria eta afalostea girotu zuten.
Herriko frontoian lo egin ostean, makarrak kendu eta Larrasoañara (Nafarroa) abiatzea tokatzen da. Hori baino lehen, Lintzoainen (Nafarroa) geldialdia eginen dute bazkaltzeko, eta herri kiroletan aritzeko, eta, ondoren, berriz ekinen diote martxari. Larrasoañan Bidenabar taldearen kontzertua, Esteribarko Gazte Asanbladak antolatutako afaria, eta Ipar Euskal Herriko gazteak euskalgintzan izeneko mahai-ingurua izanen dute zain.
Larunbat goizean, hiru egun eta gero, Iruñera ailegatuko dira. Bertan, indarrak hartu eta motorrak berotzeko bazkaria eta txaranga prestatu dituzte. Arratsaldeko bortzetan, azkenik, bat eginen dute Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Euskaltzaleon Martxarekin.