69 hildako eragin dituen tren istripua giza-akats bati mugatu izana kritikatu dute zenbait eragilek

  • 69 hildako eragin ditu asteazken goizean Urdan (Gaztela-Mantxa) gertaturiko tren istripuak, eta dozenaka dira ospitaleratuta, horietariko hamabost egoera larrian. Asteazken goizean gertatu da istripua,  Renferen AHT batek Iryo konpainiaren konboi bat jota. Espainiako hauteskunde orokorren aurrekapaina betean gertatu da istripu hilgarria.

AP

2026ko urriaren 29a - 11:54
Azken eguneraketa: 13:44
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Trenbideetako CSIF sindikatuak "tamalgarritzat" jo du lehen ordutik giza akats bati lotu izana istripua, eta horren aurrean, premiazko azalpenak, ardurak hartzea eta istripu gehiago saihesteko neurriak hartzea eskatu die agintariei. Hain zuzen, seinaleztatze sisteman izandako matxura baten harira behargin batek egindako "hutsegiteak" eragin luke istripua, gobernuko iturrien arabera. Haserre, Espainiako Garraio ministro Oskar Puenteren dimisioa eskatu du sindikatuak. Hain zuzen ere, SEMAF makinisten sindikatuak greba eguna jakinarazi zuen urriaren 29rako iragan urriaren 16an, besteak beste segurtasun arloko hobekuntzak aldarri.

Madril eta Sevilla arteko AHT abiadura handiko trenaren linean gertatu da istripua asteazken goizean, Renferen AHT batek Iryo konpainiaren konboi bat jo duenean atzetik, Europako tren istripu hilgarrienetarikoa ondorioztatuz. Espainiako komunikabide batzuek kaleratu dituzte Adifeko teknikari batek AHTaren eta Iryo trenaren makinistekin istripu aitzineko minutuetan edukitako audio-elkarrizketak, eta horiek adierazten dute arazo teknikoek eta ondorengo hutsegite humanoek eragin dutela ezbeharra. Semaf Trenbideetako Makinisten Espainiako Sindikatuak salatu du "teorian zainduta egon behar zuen" informazio hori kazetariek filtratu izana. 

Istripua giza akats bati mugatu izana salatu dute Angroiseko (2013ko uztaila) eta Adamuzeko (2026ko urtarrila) tren-istripuetako biktimek ere, elkarrekin plazaraturiko agirian. Diotenez, "ez da gertakari isolatua ezta aurreikusi ezin dena". Iraganeko istripuen biharamunetan erantzukizun politiko, tekniko eta judizialik hartu ez izanagatik gertatu da ezbeharra, eta argiki diote, egoerak horrela jarraituz gero, "berriro gertatuko" dela.

68 lagunek galdu dute bizia istripuan, eta beste bat gehiago zendu da ospitalean. Ehun bat pertsona eraman zituzten ospitalera, eta ostegun goiz honetan 30 inguruk segitzen dute bertan, horietariko hamabost egoera larrian. Ostegun goiz honetan, Guardia Zibilaren 200 agentetik gora daude tokian, istripuaren ingurua aztertzeko eta gertatutakoa argitzeko.

Kanpaina betean

Espainiako hauteskunde orokorren aurrekapainaren erdian suertatu da istripu hilgarria. Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean azalpenak ematea galdetu dio Garraio ministroari Fronte Zabalaren presidentegai Ada Colauk, eta eskaera horrekin bat egin dute ERC eta Podemos alderdiek ere.

Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi duenez, "estatu osoa buru-belarri ari da lanean giza tragediaren" aurrean. Ardura erakutsi nahi izan du istripu gunetik egindako adierazpenean: "Gertatutakoa argituko dugu: zergatik gertatu den tragedia hau. Arrazoiak eta jatorria zehazteko lanean ari da ministerioa. Kontu honen muineraino iritsiko gara; arduragabekeriaren bat egon bada, argitara aterako da, eta akats sistemikoak egon badira, irmo jokatuko dugu".

Eskuin muturraren aldetik, Falange, Revuelta eta beste hainbat talde ultraeskuindarrek antolatuta elkarretaratzea burutu zuten mila pertsona inguruk asteazken gauean Madrilen.


Abiadura Handiko Trena kanalean gehiago
2026ko azaroaren 6
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
AHTaren porrota iritsi da kanpainara

2026ko apirilaren 1
6850

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.