Uraren kudeaketa izanen du ardatz aurtengo Lurramak

  • Euskal Herriko Laborantza Ganbera antolatzaile, Lurrama Miarritzen (Lapurdi) iraganen da azaroaren 6tik 8ra. Urtero bezala, laborantza herrikoiaren erakusleihoa izanen da eta dagoeneko, laborariak eta kontsumitzaileak elkartzeko egitarau aberatsa ontzen ari dira. Aurkezpen prentsaurrekoa egin dute ostegun goiz honetan Beskoitzeko (Lapurdi) Ameztoia etxaldean. 

     


2026ko uztailaren 23an - 11:17
Azken eguneraketa: 13:51
21. edizioa aurkezteko prentsaurrekoa, Beskoitzeko (Lapurdi) Ameztoia etxaldean. Atzealdean, ura berreskuratzeko laborariak sorturiko putzua. EHLG
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Uraren kudeaketa izanen da aurtengo Lurrama ediziorako gai nagusia. Udaberrian aukeratu zuten gaia eta uda honetako berote handiek sekula baino gehiago arrazoi eman diete. EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbera dabil antolaketa lanean, eta aurtengoan ere laborantza herrikoiaren erakusleiho aberatsa prestatzen dabiltza: hitzaldiak, apairuak, haurrentzako aktibitateak, animazioak, kontzertuak, kabalen txokoa zein laborarien azoka.

Munduan den ur kantitate osoaren %1 baizik da ur geza, eta bizidun orok du beharrezkoa. Berez, ekosistemak guztiaren arteko oreka bermatzen baldin badu, gizakion aktibitateek desoreka eragin izan dute. Egoeraren larritasuna eta urgentzia ikusita aterabideei buruz gogoetatzeko beharra ikusten dute antolatzaileek: "Azken asteetako alerta klimatiko desberdinak eta azken urteetan aipatzen den aldaketa klimatikoa hor ditugu ate joka. Aldaketa guzi horiek uraren erabilpen eta kudeaketa kolektiboak pentsatzea behartzen gaituzte”. Hori gabe, ura boteretsuenen esku geratzeko joera indartzen ari delako. Horregatik, beranduegi izan baino lehen, “bizimodu berriak asmatu” eta “uraren kontsumoa berriz pentsatu” behar direla argi dute Lurramaren antolatzaileek.

Uraren kudeaketari dagokionez erronkak, alternatibak, trabak zein galderak aurkezteko topagunea izanen da azaroaren 6tik 8ra Miarritzeko Irati aretoa. Beti ere iparrorratza argi ukanda: “Bizidun guzien errespetuz, beharrezkoa zaigu lehentasunak ematea uraren erabilerarentzat, eta hori justizia soziala bermatuta”. Elikadura burujabetza, laborantza ereduak, osasuna, ingurumena, interes ezberdinen arteko gatazkak edota klima aldaketa, gai ezberdinei begiratu eta uraren kudeaketaren erronka mahai gainean jarriko dute asteburu guzian zehar.

Gomita berezia, Gilles Boeuf

Gilles Boeuf izanen da aurtengo azokaren ugazaita. Ozeanografoa, bizidunen eta haien ingurumenaren arteko harremanak aztertzen dabilen ikerle ezaguna da. Ura izanen du berak ere solasagai azaroaren 7an eskainiko duen "Ura eta elikadura. Bizia da" hitzaldian. Boeufek argi du laborantza herrikoia dela uraren erronka berriei erantzun dezakeen laborantza eredu bakarra.

Funtsean, antolatzaileek ere bai: “Laborantzan ere uraren bakantasuna arazo larri bat da. Laborantza herrikoia, etxalde ttipiekin, bere ingurunean integratua dena, prest da kalitatezko elikagaiak ekoitziz desafio berriei aurre egiteko”.

Adibide konkretuak, tokian beretik eta Ardèche eskualdetik

Urtero munduko eskualde bat gomitatzen dute –iazkoan Hego Euskal Herria izan zen– eta aurtengoan Frantziako Ardèche eskualdea izanen da. Hautu hori horrela azaldu dute: “Frantziako hego-ekialdeko zentroan kokatzen da, eta kontraste-lurraldea da, sumendien, haranen, ordokien eta arroilen artean. Paisaia-aniztasun horrek laborantza aberats eta ezberdina sustatzen du, batez ere familia baserriek bultzatua. Ardi eta ahuntz hazkuntza, mahastizaintza, arbolazaintza, baratzezaintza, erlezaintza edota landare aromatikoen ekoizpena, laborantza sare dinamikoa osatzen dute, lurralde bakoitzeko berezitasunei egokitua”. Ardèche eskualde, laborantza iraunkorraren aldeko engaiamenduarentzat ere ezaguna da. 1.200 etxalde baino gehiago dira laborantza biologikoan oinarrituak –laborantza lur erabilgarriaren % 25–. Zirkuitu laburrak eta zuzeneko salmenta garatzeagatik ere ezagunak dira: 1.600 etxalde inguruk, hau da, saileko etxaldeen % 42ak, kontsumitzaileei zuzenean saltzen dute. Aurtengo edizioko gaiari dagokionez, ibilmolde berritzaileak garatzen dabiltza, klima aldaketaren eta uraren gutitzearen erronkei egokitu nahian.


Lurrama kanalean gehiago
2024ko azaroaren 8
Karine Jacquemart (Lurramako aurtengo gomita berezia)
"Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...