argia.eus
INPRIMATU
Ur gabezia: munduko biztanleriaren laurdenaren arazoa
  • India, Qatar, Libia eta Iran bezalako herrialdeen estres hidrikoaren maila “muturrekoa” dela esan du Munduko Baliabideen Institutuak. Azken ikerketa honen arabera, 1960an erabiltzen zen uraren bikoitza baino gehiago erabiltzen dugu egun.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 08a
Los Barrios de Luna, Leongo probintzian (Espainiar Estatua).

Munduko urtegiak geroz eta hutsago daude. Txoko batzuetan hain larria da kontua, non ura arrazionalizatu behar den; Chennai Indiako seigarren hiri jendetsuena da, eta bertako urtegian urik gabe ari dira geratzen. Joan den urtean, Lurmutur Hirian (Hegoafrika) “Zero Day” urik gabeko eguna ezartzear egon ziren, eta Erroman ere ura erabiltzeko ordutegiak jarri zituzten kontsumoa kontrolatzeko.

17 herrialde daude “muturreko” estres hidrikoa dutenen taldean. Herrialde hauek urtegi eta ur-erreserbetan duten %80a baina gehiago ateratzen dute urtean nekazaritza, industria eta erabilera arrunterako. Herrialde gehienak Ekialde Hurbilean eta Afrikako iparraldean daude, eta lehorte bat iritsiz gero, urik gabe geratzeko arrisku larrian egongo lirateke.

Estres hidriko “handia” duten 44 herrialde daude, non munduko biztanleriaren herena bizi den. Herrialde hauetan gordeta duten uraren %40a baina gehiago erabiltzen dute. Espainiar Estatua, Grezia, Afganistan, Italia, Irak, Portugal eta beste hainbat herrialde daude talde honetan

Ekialde Hurbila eta Afrikako iparraldean

Eskualde bero eta lehorra da, eta eskaria handitzen ari denez, erreserbak murrizten doaz pixkanaka. Aukerak, baina, badaude egoera hobetzeko. Herrialde hauetan erabiltzen den hondakin-uraren %82a ez da berrerabiltzen; ur horren zati bat berrerabiltzeko teknikak garatu eta aplikatu ezkero, ur garbi iturri bat lortuko lukete.

India kinka larrian

Indiak ur edangarriarekin duen arazoa oso larria da, eta Chennain gertatzen ari dena horren irudi da. Iaz Indiaren Aldaketarako Instituzio Nazionalak adierazi zuen herrialdeak “historiako ur krisi larriena” sufritu zuela. India hamahirugarren postuan da estres hidrikoaren larritasunaren zerrendan, baina duen biztanleriagatik (1.339 milioi pertsona) egoera larriagoa da.

Ur-erreserben egoeraren inguruko ikerketa honek lur azpiko ur-baliabideak ere neurtu ditu, eta Indiak bereak gehiegi ustiatu dituela argitu du. Hala ere, herrialdea neurriak hartzen hasi da muturreko egoera honi aurre egiteko, uraren inguruko arazo guztiak kudeatuko dituen ministerio berria, esaterako.

Estres hidrikoa murrizteko neurriak

Munduko Baliabideen Institutuak estres hidrikoa murrizteko hainbat neurri dagoela azaldu du, ohiko bideetatik modernoenetara. Ondorengo hauek dira hiru sinpleenak:

  1. Nekazaritzaren eraginkortasuna handitzea: Nekazariek ur gutxiago behar duten haziak erabil ditzakete egun, baita ureztatze teknika eraginkorragoak erabili ere. Ingeniariek, inbertitzaileen laguntzaz, nekazaritza eraginkorragoa izateko teknologiak garatzen lan gehiago egin behar dute, instituzioetatik bultzatuz.
  2. Azpiegitura gris eta berdeetan inbertitu: Munduko Baliabideen Institutuak eta Munduko Bankuak egindako ikerketa batean argitu dute eraikitako azpiegiturak (tuteriak, adibidez) eta azpiegitura berdeak (hezeguneak, adibidez) elkarlanean aritu daitezke ur hornikuntzan eta kalitatean hobetzeko.
  3. Tratatu, berrerabili, birziklatu: Hondakin urak hondakin direla pentsatzeari utzi behar diogu; ura tratatzea eta berrerabiltzea dago.