argia.eus
INPRIMATU
EHUk Zibersegurtasun Katedra sortu du Israelgo unibertsitate bat erreferentzia hartuta
  • Proiektuaren memorian, nazioarteko erakunde laguntzaileak daude, eta horien artean Tel Aviveko unibertsitatea nabarmentzen da "erreferentzia" gisa. El Saltok lortu duen dokumentazioaren arabera, gobernu sionistak Gazan genozidioa hasi eta egun gutxira onartu zen katedra berria.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 14a
EHU/UPV-ko Leioako kanpuseko liburutegia.

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Zibersegurtasuneko Katedra sortzea onartu zuen otsailaren 22ko Gobernu Kontseiluan, 2023ko urrian Espainiako Zibersegurtasun Institutu Nazionalarekin (INCIBE) sinatutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioz. Next Generation Europako finantzaketa-planaren barruan dago (pandemiak eragindako berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planaren barruan). "Espainian zibersegurtasunaren kultura sustatzeko ekintzak hedatzera" bideratuta dago Katedra, testuan idatzi dutenez, baita zibersegurtasunean espezializatutako ezagutza eta gaitasunak sortu, transmititu eta zabaltzera ere.

Akordioaren arabera, EHUk online plataforma bat jarriko du abian, "trebakuntza eta entrenamendurako, etengabeko prestakuntza-ziklo gisa". Eta zehazki, lankidetza sustatu nahi dute "erreferentziazko nazioarteko unibertsitateekin", hala nola Tel Aviveko Unibertsitatearekin,. 500 ikasle erakartzea espero dute, eta 300 enpresa inguru, gutxienez hamar unibertsitate eta Lanbide Heziketako 25 ikastetxek parte hartzea aurreikusi dute. Hasierako aurrekontua, gehienez, 1,65 milioi eurokoa izango da.

EHUri eskaera Israelekin harremanik ez izateko

Otsailaren 29an EHUko klaustroaren gehiengoak zuzendaritza taldeari eskatu zion Israelgo Estatuko erakunde, enpresa, unibertsitate edo ikerketa-zentroekin harremanik ez izateko. Genozidioaren aurrean, EHUko komunitateak egin dezakeen "ekarpenik eraginkorrena" instituzio gisa "mantentzen duen isiltasunaren aurrean" rol aktiboa hartzea dela adierazi zuten. Eva Ferreira Garcia errektoreak zuzentzen duen taldeak kontrako bidea hartu duela dirudi.