Cristina Ibarrola UPNko lehendakariak gutuna bidali dio Espainiako Futbol Federazioko lehendakari Rafael Louzani, eta eskatu dio ez dezala baimendu Euskal Herriko mapa daraman Athletic-eko datorren ikasturteko elastikoa.
Euskal Herriko mapa txiki bat darama bizkarrean datorren denboraldirako Athleticek hautatu duen elastikoak eta, gainera, ikurrinak estaltzen du mapa hori. Horrek haserre bizia piztu du UPNn eta Espainiako federazioari moduan, UPNko buruzagiak idatzi die Ahleticeko lehendakari Jon Uriarteri eta Maria Chivite lehendakariari ere. Guztiei azaltzen die haserrea alderdi eskuindarrak, eta iraintzat eta begirune faltaren adierazletzat jotzen du zuri-gorrien erabakia.
Espainiako futbol federazioko lehendakariari bidalitako gutunean Ibarrolak adierazi duenez, Atleticek berak publikoki iragarri du “elastiko berriaren zazpi marrek Euskal Herriko zazpi lurraldeak ordezkatzen dituztela”, eta identitate bateratu hori Euskal Herriko mapan eta ikurrinan islatzen direla.
Ibarrolaren ustez, mapa eta ikurrina horiek izaera politikoa, identitarioa eta instituzional eztabaidagarria jasotzen dituzte, eta Nafarroako Foru Erkidegoa bere egungo errealitatearekiko arrotza den lurralde ikuspegian islatzen dute. Bere esanetan, IFAB Nazioarteko Futbol Elkarteen Batzordeak finkatzen duenez, jokalarien jantziek ez dituzte eraman behar “izaera politikoa, erlijiosoa eta pertsonala duten irudirik edo mezurik”, eta Athleticeko irudi honek ez du hori betetzen.
Horregatik guztiagatik, Ibarrolak eskatu dio Espainiako futbol federazioari jar ditzala abian beharrezkoak diren neurriak Athleticek 2026-2027an ez dezan elastiko hori erabili Espainiako futbol txapelketetan. Chivite lehendakariari ere eskatu dio eman ditzala eman beharreko pausoak, “nazio mailako eta nazioarteko itzala duen Athletic moduko klub batek Nafarroako Foru Erkidegoaren errealitate politikoa, administratiboa eta instituzionala errespeta dezan”.
Athleticek elastiko horrekin jarraitzen badu aurrera, UPNk auzitegietara joko duela iragarri du Ibarrolak.