Unibertsitate erreformari planto egitera deitu dute ikasleek

  • Desobedientziaz Irauli! Astea egin dute ikasleek, datorren unibertsitate erreformaren aurka. Manifestazio eta protesta ekintzez gain, txostena, bideoa (ikusi behean), asanblada informatiboak, tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte, erreformaren arriskuez ohartarazteko helburuz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2014ko azaroaren 27a
Unibertsitate erreformak hezkuntzaren merkantilizazioa ekarriko duela salatu dute ikasleek, manifestazioan (Argazkia: Leioatik!)

Europan egosten ari den unibertsitate erreforma Boloniaren jarraipena dela eta atalez atal pixkanaka ezartzen joango direla salatu dute Ikasle Abertzaleek. Erreforma bideratzeko José Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren aditu taldeak prestatu duen txostena aintzat hartzen badugu, hezkuntza merkantilizatzeko urratsa litzateke: hala nola, baliabideak batez ere ikerketara bideratuko lirateke, betiere ikerketok enpresa pribatuen interesekoak direla lehenetsiz; gestioa hezkuntza komunitatetik urrundu eta kudeatzaile pribatuak txertatzea litzateke asmoa; irizpide susmagarrien araberako kanpo ebaluazioak egingo lirateke, eta horrekin batera, diru-laguntzak baldintzatuko lituzkeen Europa mailako unibertsitateen rankinga; eta ikasgaiak sortu edo mantentzeko argudio garrantzitsua ekonomikoki errentagarriak izatea litzateke.

Ikasle Abertzaleen esanetan, azaroaren 27an Bilbon egin den gobernu kontseiluan Berregiturapen plana onartu du EHUk, eta hori “unibertsitate erreformaren baitako lehenengo pausoa izango da, fakultateak batzea ekarriko duena”. Hala, egun horretan ikasle andana bildu da Leioako campusean, datorren unibertsitate erreformaren aurka protesta egiteko. Campusean barrena egin dute mobilizazioa eta EHUko errektoreari euren eskakizunak heltzea ere lortu dute.

Trantsizio mahaia eskakizun

LOMCE eta Heziberriren kontra eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde egiteko ere baliatu dute desobedientzia astea. Era berean, “ikasleok beharrezkoa dugun hitza emango digun trantsizio mahai bat eratzea exijitzen diogu EHUko errektoretzari”, gaineratu dute.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Unibertsitate erreforma  |  Ikasle Abertzaleak

Unibertsitate erreforma kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude