Diktadura faxista baten ezpata lepoan genuen euskaldunok, lepoa moztu nahi zioten gure hizkuntzari, heriotzatik gertu zela euskarazko irakaskuntza berrasmatu eta ikastolak altxatu genituen. Lege eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen ekintza hark Euskal Herri luze zabalean hedatuz. Nik Pasai Antxon hasi nuen ikastolaren bidea, nire etxeko gela batean famili euskaltzaleetako bost haurrekin. Gurasoek beldur, oztopo eta kezka guztien gainetik beraien altxor preziatuenak (haurrak) euskaraz ikastearen hautua egin zuten. Hizkuntzarekiko eta beraien alaba eta semeekiko maitasun eta duintasun espresiorik gorenetarikoa ene ustez.
66 urte pasa dira desobedientzia ekintza masibo horretatik, mundua aldatu da eta munduarekin batera baita gu ere, injustiziak aurpegiak eta moldeak aldatu ditu, baina zorionez horiek identifikatzeko gai dira belaunaldi gazteak. Zenbat aldiz entzun dut “eske gaur egungo gazteak...”, ba gaur egungo gazteak dira falangeari aurre egin diotenak Gasteizen, baita larrutik ordaindu ere.
Franco hil eta 51 urteetara Euskal Herrian antifaxista eta solidario izatea garesti ordaintzen da, Loiu lekuko. Pasa den astean Baionako Etxepare lizeoko hainbat gaztek injustiziari intsumituko zirela adierazi zuten, jakitun hartzen duten erabaki horrek suposatzen duenaz. Ezin ukatu, barrenak mugitu zizkidan adierazpen horrek. Duintasuna ez da salgai, zorionez.
Galdera da: eta zer egin dezakegu guk? Hasteko, ekainaren 13an Kontseiluak deituriko zutabeetan Iruñeko karrikak bete, ondoren gure inguruak astindu eta antolatu, begirale hutsa izatea ez da aukera bat, aktibistak behar ditu euskarak. 16 urteko gazte hauek ez dezatela bide hau bakarrik egin. Euskal herria bat da, zatiketarik gabe. Euskara da bide bakarra!
Kontxita Beitia
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.