Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egiten ari dira uneotan lan erreformaren kontra. Unai Sordo CCOO-Euskadiko buruak Bilboko manifestazioa hasi aurretik adierazpenak egin ditu. Bere esanetan Espainian "arrakasta handia" izan du grebak eta Gobernuak kontuan hartu beharko du hori. EAEri dagokionez, sindikatu abertzale nagusiek greban ez parte hartu izana kritikatu du Sordok, baina hala ere lanuztea nabarmena izaten ari dela azpimarratu du.
CCOO eta UGT sindikatuek greba orokorrak Hego Euskal Herrian izan duen jarraipenaren euren lehen datuak eman dituzte: batez ere industrian izan du eragina grebak, sindikatuon arabera, Nafarroan bereziki, bertoko hainbat enpresa handi ia erabat itxita baitaude UGTren hitzetan, horien artean Volkswagen. Araban grebak jarraipen zabala izan duela azaldu du CCOOk eta Jundizeko poligonoan "geldirik" dagoela. Bizkaian, Nerbioi ezkerraldeko poligonoetan nabaritzen ari da geldialdia gehien eta enpresa ugari itxita daudela dio CCOOk. Gipuzkoako industrian, aldiz, sindikatu honek onartu du intzidentzia "ezberdina" dela. Hezkuntzan honako jarraipen kopuruak eman ditu CCOOk: Unibertsitatean, %90eko jarraipena Leioan, %65 Gasteizen eta %50 Donostian; eta lehen eta bigarren hezkuntzan %35ekoa izan da jarraipena, CCOOren arabera betiere. Estatuko administrazioan, berriz, %30eko lanuztea egon dela dio sindikatuak eta administrazio autonomiko eta udaletan %10 baino ez. CCOOren arabera garraio publikoetan zerbitzu minimoak errespetatu dira, baina eragina nabarmena izan da, batez ere RENFEn eta Bizkaiko hiri garraioan.
Espainian, berriz, sindikatuek esan dute langileen %70ak hartu duela parte greba orokorrean. Espainiako Lan ministro Celestino Corbachok azaldu du ez dela "zifren gerra" batean sartuko, eta zerbitzu minimoak %97an errespetatu direla esan du soilik; horrez gain, eguna "normaltasunean igarotzea" espero dutela adierazi du Corbachok. CEOEko buruak ere "normaltasuna" azpimarratu du.
Informazio gehiago: - Greba orokorra deitu dute Espainian eta Hego Euskal Herrian