Hiru eserleku izatetik hamabostera igaro dira UDR Errepublikaren Aldeko Eskuinen Batasuna eta RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak. Azken horretako lider Marine Le Penek adierazi du talde parlamentario berriak berebiziko garrantzia izango duela 2027ko presidentetzarako hauteskundeetan. LFI Frantzia Intsumisoak lehen aldiz ordezkari bat izango du goi ganbaran.
Frantziako Senatuko bozak egin dira igandean, eta hurrengo urteko udaberrian egitekoak diren presidentetzarako bozei begira, joera argia da: ultraeskuinak geroz eta indar gehiago du herrialdean, horren erakusle da lehen aldiz talde parlamentarioa osatu ahal izango duela goi ganbaran. 11 ordezkari izan behar dituzte horretarako, eta RN hiru izatetik –azkenekoz 2023ko irailean eserlekuen erdiak berritu zituzten, 348tik 172– hamabi izatera igaro da.
Hamabi horiei, ordea, UDRk lortutako hiru diputatuak gehitu behar zaizkie: haren buru Eric Ciotti Le Penekin lerratuta dago, 2024an LR Errepublikanoak alderditik kanporatu baitzuten Frantziako Asanblearako bozetarako eskuin muturrarekin aliantza egin nahi zuelako. Ultraeskuinak helburu nagusi gisa ezarri du hurrengo urtean herrialdeko presidentetzara heltzea, eta senatuko emaitzak horretarako urrats garrantzitsua direla azpimarratu du RNko buruak.
"Emaitzak gure aurreikuspenetatik harago doaz, eta Batasun Nazionala herrialdean izaten ari den hedapenaren erakusle dira", adierazi du Le Penek sare sozialetan. Gainera, nabarmendu du talde parlamentarioak paper garrantzitsua jokatuko duela hurrengo urteko presidentetzarako bozetako kanpainan, "herritarrei ahotsa emateko eta haien nahiak lehenesteko".
Errepublikanoen nagusitasuna
Hiru urtean behin berritzen dira Frantziako Senatuko eserlekuen erdiak, eta azken bozetan ultraeskuinak igoera nabarmen bat izan badu ere, haien ordezkariak gutxiengoa dira. Izan ere, Errepublikanoek dituzte ordezkari gehien herrialde goi ganbaran, 125rekin –2023an baino sei gutxiago–; PS Alderdi Sozialistak –63 diputatu– eta UC Batasun Zentrista –57 diputatu– taldeek jarraitzen diote ordezkari gehienekin.
Le Penen alderdiarentzat beste muturrean kokatzen den LFI Frantzia Intsumisoak lehen aldiz ordezkari bat izango du Senatuan: hain zuzen, azken hilabeteetan eginiko inkesta gehienek bi alderdi horien arteko lehia aurreikusten dute presidentetzarako bozetan, bigarren itzulian RNko burua Eliseora heltzeko faborito gisa.