Sudango gizon baten hilketa saiakerak migratzaileen aurkako istiluak piztu ditu Belfasten. Sare sozialetatik Elon Musk eta bestelako ultraeskuindarrek biztanleria xaxatu dute, mezu probokatzaileak zabalduta.
"Izorra dadin islama", irakurri daiteke egunotan Belfasteko kale bateko pintada batean. Ez da pintada hutsa; eskuinak eta ultraeskuinak Belfasteko eta Ipar Irlandako beste herri batzuetako kaleak hartu baitituzte eta etorkinen aurkako ehiza abiatu dute.
Hamarnaka pertsona Belfasteko kaleetara irten eta, beltzez jantzita eta askok aurpegia estalita, zaborrontziei, kotxeei edota migratzaileak bizi diren etxeei su eman diete. BBC hedabideak bertako lekuko batekin hitz egin eta zera erantzun zuen hark: "Beltza izate hutsagatik ari dira erretzen".
Joan den asteartean hasi ziren istiluak, astelehen gauean Poliziak Sudango gizon bat atxilotu eta gero, beste bati labanaz eraso egitegatik. Biktimak larri jarraitzen du eta begi bat galdu du. Gertakaria Belfasteko iparraldean gertatu zen eta bideoan grabatuta gelditu zen. Elon Musk X sare sozialeko jabeak, Tommy Robinson ultraeskuindarrak eta beste hainbatek sare sozialetatik migratzaileen aurkako mezu probokatzaileak zabaldu zituzten. Horrek piztu zuen migratzaileen aurkako erreakzioa.
Ruth Anderson Erresuma Batuko Gazteria ministroak berriki jakinarazi du 27 herritar etxerik gabe geratu direla. Istiluen beldur, garraio publikoa ere moztu dute, dendak itxi dituzte askok eta etxean geratzeko eskatu dute.
Ostegun gauean, istiluen bigarren gauean, Poliziak ur kanoiak erabili ditu ultraeskuindarren aurka, eta 300 pertsona sakabanatu ditu. Kamioi bat erre eta adreiluak eta gasolina bonbak jaurtitzen ari ziren. Hamasei pertsona atxilotu ditu Poliziak. Halere, ez dira lehen gaueko istiluak bezain bortitzak izan, tokiko hedabideek azaldu dutenez. Belfasten soilik ez, Derry eta Coleraine herrietan ere izan dira istiluak.
Michel O'Neill Ipar Irlandako lehen ministroak eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak istiluak gaitzetsi dituzte. "Aurpegia tapatuta familien etxeak erretzen dituzten gizonek koldarkeria nazkagarri bat adierazten dute. [...]. Gertatzen ari dena bandalismo garbia eta sinplea da", adierazi du O'Neillek.
Astelehenan gizon bati egindako hilketa saiakerak piztu zituzten istiluak. Haren familia ere, ordea, istiluen aurka azaldu da. "Migratzaile asko ditugu, zeinak balore handiak eransten dizkioten gure herrialdeari, eta haien beharra dugu gure herrialdeak funtziona dezan. Ez dugu nahi gertakari lazgarri honek pertsonak banatzeko eta etsaitasuna elikatzeko balio dezan", esan du asteazkenean familiaren ordezkariak. Erasotzailea gaur eraman dute epailearen aurrera.