Ultraeskuinak %1eko aldearekin irabazi ditu hauteskundeak Kolonbian, eta ezkerrak emaitzak inpugnatu ditu

  • Abelardo de la Espriella hautagai ultraeskuindarrak irabazi ditu Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeak, Ivan Cepeda ezkertiarrari 250.000 boto inguruko (%1) aldea aterata. Cepedak jakinarazi du 33.000 mahaietako emaitzak inpugnatuko dituela, eta Gustavo Petro jarduneko presidenteak ere "irregulartasunak" salatu ditu. Aurre-zenbaketaren datuak dira publikatu direnak; boto zenbaketa ofiziala ezagutu bitartean, presidentea nor izango den oraindik jakiterik ez dagoela esan du Petrok.


2026ko ekainaren 22an - 09:47
Azken eguneraketa: 14:09
De la Espriella, pozarren, Kolonbiako futbol selekzioaren kamiseta soinean duela.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Orotara 12,9 milioi boto inguru lortu ditu De la Espriellak (%49,66), eta 12,7 milioi (%48,70) Cepedak. 250.000 botoren aldea dago bien artean, 0,96 puntukoa. Parte-hartzeari dagokionez, Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeetan orain arteko herritar kopururik handienak bozkatu du: 26,3 milioi lagunek, %63,7 inguruk. Bestalde, 426.000 herritarrek baino gehiagok eman du boto zuria, bi hautagaien arteko aldearen bikoitzak ia.

De la Espriella eskuindarrak, zeinak harreman zuzena duen Amerikako beste agintari batzuekin, Javier Milei, Nayib Bukele edota Donald Trumpekin, esaterako, Kolonbiarentzat "aro berria" zabalduko dela adierazi du. Kanpainan zehar zergak jaitsiko dituela agindu du De la Espriellak, burokrazian murrizketak egin eta segurtasun arloan gogor jokatu, besteak beste.

Kontaketa, inpugnatua

Hauteskundeen lehen itzulian 650.000 botoren aldea atera zion De la Espriellak Cepedari. Bigarren itzulian, baina, nabarmen murriztu da aldea, 250.000 botora. Emaitzak berrestekotan, oposizioa gidatzeko posizio onean geratuko litzateke Cepeda, Pacto Histórico alderdiko Gustavo Petro jarduneko presidenteak kargua utziko duenean. Ikusteke dago, ordea, ezkerreko indarrak batzen dituen koalizioak nola bizirauten duen, joera desberdinak batzen dituen presidentearen figurarik gabe.

Dena dela, bigarren itzuliko emaitzak ez dira oraindik ofizialak, eta Capedak iragarri du 33.000 mahaietako emaitzak inpugnatuko dituela, berrikusi beharreko irregulartasunak atzeman dituztelako. Halaber, jarduneko presidente Gustavo Petrok ere zenbaketa ofizialaren zain egon beharra dagoela esan du, "irregulartasun asko daudelako". Besteak beste, adierazi du Erregistro Nazionaleko zerbitzarien IP helbideetan ustez egin diren aldaketen inguruko frogak dituela.

Oraindik ofizialak ez izanik ere, emaitzek argi erakusten dute Kolonbia bitan zatiturik dagoela. Boto gehien lortu duen hautagaiak sekula ez du alde hain txikiarekin irabazi.

 

 


Irakurri gehiago: Kolonbia Nazioartea Amerika
Kolonbia kanalean gehiago
2026ko urtarrilaren 14
AEB-en erasoa Venezuelaren aurka
Trumpen bakeak guda esan nahi du

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...