Petrolio eta gasaren prezioak gora egiten ari dira, Ukraina eta Errusiaren arteko gerra arriskuak munduko horniduran eragin dezakeenaren beldurrez. Nazioartean erreferentzia den Brendt gordin upelaren prezioak otsailaren 22an azken zazpi urteetako gorengo preziora iritsi zen: 99,38 dolar.
BBCk kaleratu duen berrian oroitarazi du otsailaren hasieratik petrolioaren prezioa %10 baino gehiago igo dela.
AEBek "zigor ekonomikoak" iragarri ditu independentzia aitortu zaien Donbasseko bi herri errepubliken aurka. Hauei edo Errusiari mendebaldeko estatuek zigorrak jartzen badizkiete, eta ondorioz Errusia petrolio gordin edo gas natural gutxiago esportatzera bultzatzen badute, honek munduko ekonomian eragin handia izan dezakeela iragarri dute ekonomia adituek.
Maike Currie finantza adituak azaldu duenez, "munduan zabaltzen diren 10 petrolio upeletik bat Errusiakoa da, beraz, petrolioaren prezioan jokalari garrantzitsua da, eta honek, noski, benetan kaltetuko ditu gasolindegiko kontsumitzaileak". Izan ere, Errusiako energiari sarbidea murrizten bazaio, posible da munduko handizkakoen prezioak igotzea.
Munduko burtsetan akzioak jaitsi izanak iradokitzen du inbertitzaileak kezkatuta daudela Ukrainako egoerarekin.
Japongo Nikkei 225 indizea %1,7 jaitsita itxi zen, eta Shanghaikoa ia %1. Berlingo Dax indizeak %2 gutxiagorekin hasi zuen eguna eta Parisen Cac-40 indizea %1,5 jaitsi zen, ondoren zerbait igo bazen ere.
AEBetako burtsak ere jaisteko prestatzen ari dira.
Song Seng Wun ekonomialariak azaldu duenez, "inbertitzaileen buruan gerraren aukera dago".