Ukraina eta Errusiaren arteko “energia su-etena” iragarri du Trumpek, baina Zelenskik ez daki deus hari buruz eta Putin isilik dago

  • Donald Trump AEBetako presidenteak igandean iragarri du azpiegitura energetikoen aurka eraso ez egitea adostu dutela Errusiak eta Ukrainak. "Berehalako eragina izango duen energia su-etena ezarri da Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran. Bi aldeek oniritzia eman diote akordioari. Ez urratu!", dio Trumpek sare sozialetan zabaldutako mezu laburrak. Datu gehiagorik ez du eman. Moskuk ez du akordioaren inguruan adierazpenik egin, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik esan du ez duela haren berri.


2026ko urriaren 12a - 09:56
Azken eguneraketa: 11:43
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Nazioarteko gaietan adituek hainbat mediotan nabarmendu dutenez, balizko akordio hau heldu da AEBen eta Errusiaren artean nolabaiteko hurbiltzea izan denean, eta Trumpek Zelenskiren aurkako kritikak gogortu dituenean, Ukrainako presidentea baita, Trumpen ustez, munduan erregai falta izatearen erruduna, errusiar azpiegiturak bonbardatzen dituen heinean.

Bere aldetik, hasiera batean, Zelenskik adierazi du su-etenaren berririk ez duela, nahiz eta gehitu onartuko duela, baldin eta Putinek ere onartzen badu, Axios webgune estatubatuarraren arabera: "Trump presidenteak Putinekin negoziatu badu, esan diezagula noiz hasiko den: prest gaude eta onartuko dugu", azaldu du ukrainar presidenteak. "Ukraina prest dago errusiar petrolio-findegiei eraso ez egiteko, baldin eta Errusiak gure azpiegiturei eraso egiteari uzten badio. Posible da erasoak gaur bertan etetea, baina Putinek ez du halakorik nahi". ABC News-en egindako elkarrizketan, Zelenskik esan du Putinek 60 eguneko su-etena onartuko balu, Ukrainan hauteskundeak deituko lituzkeela, Trumpek nahi duen moduan. "Mesedez, esaiozu Putini: eman iezazkiguzu bi hilabete, 60 egun, eta hauteskundeak antolatuko ditugu". 2026an egin beharko lirateke hauteskundeak Ukrainan, baina herrialdean gerra-legea dagoenez ezarria, ezin dira deituak izan. "Bada garaia Ukrainak presidente berria izateko", esan zuen larunbatean Trumpek, AEBek errusiar erregaiaren kontrako zigorrak behin-behinean kendu eta hurrengo egunean.

Baina, Trumpek su-eten energetikoa iragarri eta ordu gutxira, Zelenskik esan du Errusiak ukrainar findegiei eraso egiten jarraitzen duela: "Gure azpiegitura energetikoen kontrako erasoak izan dira; bart gauean Kharkov hiriko zentral elektriko bati egin diote eraso".

Errusiak, bestalde, ez du balizko akordioaz eta azpiegituren kontrako erasoez adierazpenik egin. Trumpek sare sozialetan plazaratutako mezu laburra da, antza, oinarri bakarra, albiste agentzia eta nazioarteko hedabideek orain arte zabaldutako informazio publikoa aintzat hartuta, bederen.


Ukrainako gerra kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 29
Errusiak eraso handiak iragarri ditu Kieven eta Europari mehatxu egin dio
Madrilgo drone enpresak ere oreshnik errusiar misil supersonikoen jo puntuan daude

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.