Sena ibaiak ohikoa baino 4 metro goragoko maila harrapatu dezake gaur bertan, ostirala, Parisen 1910eko uriola handitik ikusi ez den moduan. Ur bazterreko eremu asko eta ibaiaren maila azpitik dauden metro eta bestelako instalazioak husten ari dira, tartean Louvre museoaren barreneko sotoak arte lanez mukuru daudenak.
Aspaldiko maiatzik euritsuena egin du Frantziako estatuko iparraldean, baina baita Alemaniako Hegoaldean ere. Orain artean bederatzi pertsonak galdu du bizia Europan euritearen eta ondorengo uriolen eraginez, zortzik Alemanian eta batek Frantziako Loira ibarrean. Bavieran, Simbach am Inn herrian sorospen zerbitzuek familia bereko hiru emakumezkoren gorpuak aurkitu dituzte eta hildako gehiago izango den beldur dira, desagertutako jendea badelako.
Frantziako Loira ibarrean ere ikusgarriak dira uholdeen eraginak. Turista guztiek ezagutu nahi duten Chambord gaztelu famatua urez inguraturik ageri da. Baina Frantziako ordokietan abiada geldo samarrez igotzen diren urak, Alemaniako hegoalde menditsuan uhaitz indartsuetan jaisten dira, etxe eta kaleak harriz, lokatzez eta zuhaitz adarrez betez, alde guztietatik zabaltzen ari diren irudiek erakusten dutenez.
(Paris metropoli handia osatzen duen Ile-de-France eskualdeko hiri asko daude uholdeak harrapatuta: 'Les Echos' egunkariaren argazkian, Neaumours hiriko karrika).