UEMAk proposatu du indarrak eremu euskaldunean ipintzea, lurralde osoan eragin dezan

  • UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Lurralde Estrategia euskararentzat proposamena aurkeztu du otsailaren 25ean. Euskararen egoeraren inguruko alarma gorriak piztuta daude, baita eremu euskaldunetan ere. UEMAk orain arteko hizkuntza politikan norabide aldaketa proposatu du, eta eremu euskaldunenek euskararen indarberritzean lidergoa hartzea.

UEMAren zuzendaritza batzordea osatzen duten hainbat alkatek eta zinegotzik (EH Bildu, EAJ eta independenteak) 'Lurralde Estrategia euskararentzat' proposamena aurkeztu dute agerraldi bateratuan, Hernanin (Gipuzkoa). UEMA

2026ko otsailaren 25ean - 13:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

UEMAren zuzendaritza batzordea osatzen duten alkateek eta zinegotziek (EH Bildu, EAJ eta independenteak), agerraldi bateratua egin dute, Hernanin (Gipuzkoa), proposamena aurkezteko. Martin Aramendi UEMAko lehendakariak argitu dio ARGIAri zertan datzan proposamen berria, elkarrizketa honetan: “Esku-hartzeak egoera soziolinguistikoaren arabera moldatu behar dira”.

"2036an ez da arnasgune beterik geldituko". Izenburu hori iltzatuta gelditu zitzaigun iazko uztailean, UEMAk Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren ondorioak aurkeztu zituenean. Aurreikuspen beltzak marraztu zituen Siadeco ikerketa etxeak UEMArentzat egindako lanak. Hamar urte barru arnasgune beterik ez da egongo, hau da, euskararen erabilera %80 baino handiagokoa duen udalerririk ez. Arnasgune erasanak (erabilera %60-80 artean), berriz, desagertze bidean.

Bilakaera beheranzkoa da: arnasguneetan hiztunen %7,2 bizi ziren 1991n; %2,9 ziren 2021ean; eta %0,2 izan daitezke 2036an. Datu kezkagarri gehiago aurkeztu zituzten. Adibidez, etxean nagusiki euskaraz aritzen direnen proportzioa jaitsi egingo da: 2011tik 2036ra, %11,6tik %9,7ra. Horrez gain, jaiotze tasa apalaren ondorioz, Hego Euskal Herriko biztanleria euskaldunak adinean gora egingo du, eta adin txikikoen parteak behera, eta beraz, apaldu egingo da euskaldunen pisua adin tarte gazteenetan: 2021ean, Hego Euskal Herriko 2 eta 14 urte arteko haur eta gazteen %69,8 ziren euskaldun; proiekzioaren arabera, 2036an %62,3 izango dira. Hona beste datu bat: atzerrian sortutakoen proportzioa handitu egingo da eta horrek lehen hizkuntza euskara ez dutenen partea emendatzea eragingo du.

Iazko urrian Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentzia egin zen Azpeitian (Gipuzkoa). UEMA antolatzaileetako bat zen. Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerlariak lurralde estrategia baten beharra aldarrikatu zuen, zeinetan arnasguneek lehentasuna izango duten. Euskararen biziberritzea geldialdian dagoela ohartarazi zuen, eta ezer ez bada egiten, etorkizunak ez duela tankera onik: "Ez gaude xahuketetarako, arnasguneei lehentasuna ematea proposatzen dut", adierazi zuen.

Lurralde Estrategia euskararentzat aurkeztu zuten egunean, otsailaren 25ean, Martin Aramendi UEMAko lehendakariak esan zuen alarma guztiak piztuta daudela, euskara larrialdi egoeran dagoela. UEMAk, baita euskalgintzak oro har ere, etorkizun iluna marraztu dute, baina, era berean, azpimarratu dute euskarak etenik gabeko beheraldia izango duela baldin eta ez badira hizkuntza politika sendoak eta ausartak egiten. Aramendik esan du "egoerarekin kezkatuta eta dagokion ardurari helduta egoera iraultzeko proposamena" egin nahi dutela. 

Hizkuntza politika zehatzak
Lurralde Estrategia euskararentzat proposamenak bi ideia nagusi ditu oinarrian. Batetik, lehentasuna da arnasguneen eta lurgune euskaldunenaren gainbehera iraultzea eta indartze bidean jartzea. Bestetik, hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatzeak euskararen indarberritze prozesua azkartu eta eraginkorrago bihur dezakeela. UEMAren iritziz, lurgune euskaldunenean egindako ahaleginek eragin handiagoa dute erabileran eta komunitatea sendotzean. Beraz, baliabide publikoen eraginkortasuna hobetzea proposatzen dute, "lurgune euskaldunenari dagokion garrantzia aitortuz, gune hori legez babestuz eta euskararen indarberritzerako hauspo bihurtuz".

Zein da lurgune euskalduna?
Lurgune euskaldunari legezko babes tinkoagoa ematea, politika aurreratuak egitea, beste lurguneetara egiten duen "irradiatze-lana" optimizatzea... eskatuko zaizkio, besteak beste, baina zein da lurgune euskalduna? UEMAren aburuz, mapa bat osatu behar da eta horretarako hainbat aukera aztertu eta horien artean egokiena adosteko prozesu bat abiatu beharko litzateke. UEMAk "epe ertain-luzera euskara nagusi izango den lurralde geografikoki jarraitu, demografikoki ohargarri eta soziolinguistikoki sendoa" eraikitzea irudikatzen du.

Bost irizpide
UEMAk bost irizpide proposatu ditu hizkuntza politika garatzerakoan oinarrizkoak liratekeenak. Lehenik eta behin, lurralde eremu osoan eragitea proposatzen du. Gogorarazi du eremu euskaldunenetan eragiteko beharrik ez dagoen usteak indarra izan duela, sinetsita euskara ez zegoela mehatxupean esparru horietan. Aurkako ikuspegia ere ez du ontzat eman erakundeak, alegia, ahalegin guztiak eremu euskaldunean egitea eta albo batera uztea gainerako eremuak. Akats larritzat jo du eremu erdaldunagoak diren horiek landu gabe uztearen ideia. Izan ere, dimentsio demografikoari erreparatuz gero, hiztunen %77,2 erdararen nagusitasun handiko udalerrietan bizi da. Esparru hori UEMAren proposamenaren eremutik kanpo gelditzen da, baina, hala ere, erakundeak azpimarratu du "funtsezkoa" dela eremu horietan aurreratzeko estrategian asmatzea, "azken batean, Euskal Herria geroz eta lurralde interkonektatuagoa da".

Bigarren irizpideak egoera soziolinguistikoen arteko desberdintasunak azpimarratzen ditu eta esku-hartzeak errealitate bakoitzera egokitzea proposatzen du. Hirugarrenik, lurralde bakoitzak rol bana jokatzea eskatzen du UEMAk. Hala, eremu euskaldunenek aitzindaritza jokatuko lukete, "bertan abiatutako politika aurreratuek eta bertako praktika sozialek gainerakoei noranzkoa erakutsiz". Laugarrenik, lurgune euskaldunei arreta berezia jartzea eskatzen du erakundeak, eremu horiek ekarpen handiagoa egin dezaketelako, beste eremuak "euskalduntzen" jokatzen duten eginkizunagatik, eta oro har, euskararen osasun orokorrerako duten garrantziagatik. Bosgarrenik, eremu euskaldunenek gainerako eremuetara irradiazio-lana egiten dutela azpimarratu du UEMAk eta rol hori "berariaz bilatzea eta bultzatzea" proposatzen du, lurralde osoa euskalduntzeko bidean ildo emankorra delakoan.

Proposamen berriaren harira, Martin Aramendi UEMAko lehendakariak ARGIAri adierazi dio bidegurutzea gurutze-bide bihurtzen hasita dagoela eta bide berria hartzeko garaia dela. Irakurri hemen elkarrizketa: “Esku-hartzeak egoera soziolinguistikoaren arabera moldatu behar dira”.


Irakurri gehiago: UEMA Euskara Euskalgintza
UEMA kanalean gehiago
2026ko martxoaren 4
‘Lurralde estrategia euskararentzat’ proposamena
Indarrak ipini eremu euskaldunenean, lurralde osoan eragin dezan

2024ko martxoaren 13
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.