Udalerri euskaldunenek hamar neurri proposatu dituzte normalizazioan pausoa emateko

  • Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Udalerri Euskaldunen Egunean, euskararen egoera larria eta euskara indartsuen dagoen lurguneetan antzematen diren joera kezkagarriak mahai gainean jarri ditu. Hala, udalerri euskaldunen atzerakada gelditzeko hamar neurri proposatu ditu.

Otxandion ospatu dute 2026ko Udalerri Euskaldunen Eguna. UEMA

2026ko maiatzaren 18an - 10:43
Azken eguneraketa: 14:43
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu dute maiatzaren 16an, Otxandion (Bizkaia). UEMAren batzar nagusian 125 alkate eta zinegotzi elkartu dira. Eguerdiko ekitaldi instituzionalean, berriz, erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkariek hartu dute parte. Otxandioko Udalak eta UEMAk aitortza bat ere egin nahi izan dute. Hala, euskara ikasten eta hobetzen ari diren ikasleak omendu dituzte. Egunean zehar festa giroa nagusitu da, euskaltzaleak biltzeko egun berezia baita urtero Udalerri Euskaldunen Eguna. Alabaina, UEMAko lehendakari Martin Aramendik azpimarratu du “kezkatuta egoteko arrazoiak" badirela. Euskara larrialdi egoeran dagoela nabarmendu du, euskara ofiziala den eremuetan euskarak eta gaztelaniak ez dutela estatus bera oraindik, eta horri, “euskararen eta euskaldunen aurkako oldarraldia gehitu” behar zaiola. “Urgentziaz” aritzea eskatu du UEMAko lehendakariak, eta ezinbestekotzat jo du egoera iraultzeko neurriak “lehenbailehen” hartzen hastea.

Aramendik adierazitakoaren arabera, lurgune euskaldunetan neurriok hartzea “oso garrantzitsua da Euskal Herri osoa euskalduntzen joateko, gune hauek motore eta eredu ere izan beharko liratekeelako gainerako eremuentzat”.

UEMAk udalez gaindiko erakundeen esku dauden hamar neurri aurkeztu ditu:

- Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek udalerri euskaldunetan ematen dituzten zerbitzu publiko guztiak euskaraz eskaintzen direla bermatzea.

- Udalerri euskaldunetan hizkuntza paisaia euskaraz izateko betebeharra ezartzea. 

- Udalerri euskaldunetan garatu beharreko planek, proiektuek eta askotariko egitasmoek euskarari eragin kaltegarririk ez sortzeko neurriak hartzea.

- Ostalaritzan langileak euskalduntzeko liberazio dinamika martxan jartzea.

- Euskalduntze-alfabetatze ratioak jaistea eta doakotasuna bermatzea maila guztietan.

- Helduen hezkuntzan euskara ardatz gisa ezartzea, herritar etorri berrientzako murgiltze-neurrietan.

- Haur eta gazte etorri berriak euskalduntzeko murgiltze ereduak abiatzea.

- Udalerri euskaldunetako haur eta gaztetxoen euskararen erabilera babesteko neurriak hartzea, haien ikasketa-ibilbide osoan zehar.

- Familia zaurgarrietako haurrak euskarazko aisialdian txertatzeko neurriak hartzea.

- Udal langile guztiak euskaldunak izan daitezen eta udalen euskarazko funtzionamendua bermatu dadin neurri juridikoak hartzea.

Neurriak aurkezteaz gain, Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an Iruñean egingo duen Euskaltzaleon Martxan parte hartzera dei egin du Aramendik.

Joan den otsailean, UEMAk Lurralde Estrategia euskararentzat proposamena aurkeztu zuen. Ekimen horrek hizkuntza politikari beste norabide bat ematea proposatu zuen. UEMAk adierazi duenez, orduz geroztik euskalgintzarekin, alderdi politikoekin eta erakundeekin bilerak egiten ari dira. Apirilean Esnatu dinamika aurkeztu zuten. Dinamika horren harira, UEMAko udalek konpromisoak eta neurriak hartuko dituzte arnasguneen atzerakada gelditzeko eta udalerri euskaldunak indartzeko.

 

 


Euskara kanalean gehiago
2026ko ekainaren 3
Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
“Euskararena auzi politikoa da, norbanakoen ahaleginarekin nekez erantzungo diogu”

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.