Udazkenerako grebak eta mobilizazioak iragarri dituzte Osakidetzako langile guztien baldintzak hobetzea exijitzeko

  • SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ez dute begi onez ikusi Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta SME Medikuen Sindikatuak hitzartutako akordioa, eta, data zehatzik aipatu ez arren, jakinarazi dute udazkenean grebei eta mobilizazioei ekinen dietela. Osakidetzan negoziazio kolektiboa exijituko dute. 


2026ko uztailaren 30ean - 11:04
Azken eguneraketa: 12:49
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek greba egunak iragartzeko egindako agerraldia, asteazkenean, Bilbon. ELA
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak SME Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Sendagileen Sindikatuarekin iragan astean hitzarmena negoziatu izanak hautsak harrotu ditu. Izan ere, Osakidetzako bertze kolektibo guztiak aintzat hartu gabe egin dute. Gehiengo sindikala alde batera utzi izanak, gainera, sindikatuak haserrearazi ditu. Horiek horrela, udazkenean manifestazioak eta grebak eginen dituztela iragarri dute LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek asteazkenean Bilbon egindako agerraldian. 

ESK sindikatuak agerraldian parte hartu ez duen arren, bortz sindikatu horiek egindako eskaerekin bat datorrela jakinarazi du, baita udazkenean mobilizazioekin bat eginen duela ere. Sindikatuek ez dute aitzinatu zehazki zein egunetan izanen diren; hala ere, ez diote atea itxi greba mugagabea egiteari.

Agerraldian ELAko bozeramaile Esther Saavedrak hartu du hitza, eta azpimarratu du iragan astean medikuek adostutako akordioak “ez diela aurre egiten euskal osasun sistema publikoaren egiturazko erronkei”. Izan ere, medikuen eta fakultatiboen kexa nagusietako bi “nekea eta kontziliaziorako ezintasuna” direla nabarmendu du, eta Osasun Sailarekin adostutako planak ez diela horiei “benetako irtenbiderik" ematen.

Hiru eskakizun

Sindikatuek nabarmendu dute azken hitzarmen sektoriala duela hamazazpi urte sinatu zutela, eta hartatik egoerak okerrera egin duela. Horri konponbidea emateko hiru eskakizun plazaratu dizkio SATSEko bozeramaile Amaia Mayorrek Osasun Sailari: akordio arautzailea osorik eguneratzea, euskal osasun sistema publikoa hobetzeko azterlan bat egitea, eta negoziazio kolektiboa errespetatzea.

Akordio sektorialaren garrantzia azpimarratu dute bortz sindikatuek. “Kolektibo guztien arteko tratu berdintasunean oinarritutako” sistema bat babestu behar dela adierazi dute, eta, sindikatuen erranetan, SMEk Lakuarekin adostutakoak ez du hori betetzen. Hortaz, Osakidetzari exijitu diote negoziazio prozesu bat ireki dezan helburu horiek ardatz hartuta.

"Kolektibo guztien artean tratu berdintasunean oinarritutako" sistema bat babestu behar dela adierazi dute sindikatuek

Osakidetzaren egungo egoeraren zein datozen urteei begira aurreikus daitekeenaren inguruko azterketa bat egitea “ezinbestekoa” dela uste dute sindikatuek, bertzeak bertze, lan kargak ebaluatzeko, ordezkapenak nola bermatu aztertzeko, belaunaldien arteko erreleboa zein izanen den identifikatzeko, lan osasuna nola sustatu jakiteko, eta herritarrei kalitatezko arta nola eman jakiteko. Behin ebaluazio hori eginda, osasun sistema publikoa "berregituratzeko" eskatu diote Jaurlaritzari.

“Sistema betikotzen" duten akordioak alde batera utzi, eta aldaketa sakonak proposatzeko ordua dela aldarrikatu dute sindikatuek. Haien arabera, beharbada lantaldea handitzea da gakoa. “Deskantsurako eskubideak eragiten duen hutsunea aparteko orduekin estali nahi du Jaurlaritzak. Baina hori askoz garestiagoa da langile gehiago kontratatzea baino”, azaldu du Mayorrek.

Irailean, bilera

Irailean izanen da mahai sektorialaren hurrengo bilera, eta, Saavedrak adierazi du sindikatuak bertaratuko direla: "Gu beti gaude prest hitz egin eta negoziatzeko. Horretarako, baina, langile guztien lan baldintzak aintzat hartzen dituen hitzarmen proposamen bat aurkeztu beharko du Osasun Sailak”.  


Osakidetzako gatazka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...