SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dituzte mobilizazioak, eta Eusko Jaurlaritzari exijitu diote "proposamen zehatz eta sakonak" egin ditzala. Urriaren 30etik abenduaren 14ra bitarte egingo dituzte grebak, eta ez dute baztertu greba mugagabeari ekitea.
Osakidetzako gehiengo sindikalak –LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek osatzen dute– udazkenean manifestazioak eta grebak egingo zituztela iragarri zuten uztailaren amaieran, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak medikuen hitzarmen berriaren negoziazioetatik baztertu ostean. Ostegun honetan eginiko agerraldian sindikatuek argitu dute bost greba egun deitu dituztela.
Negoziazio defendatu orain! Lan hobekuntza = Osasun publiko hobea lelopean, urriaren 30ean eta abenduaren 14an Osakidetzako langile guztiak daude greba egitera deituta; abenduaren 9an soilik Arabakoak; abenduaren 10ean Bizkaikoak; eta abenduaren 11n Gipuzkoakoak. "Ezin da kalitatezko zerbitzu publikorik eskaini lan baldintza onik gabe", adierazi dute agerraldian.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak SME Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Sendagileen Sindikatuarekin medikuen lan baldintzei buruzko hitzarmena sinatu zuen uztailean. Agerraldian Amaia Mayor SATSE erizainen sindikatuko bozeramaileak adierazi du hitzarmen horrek erakusten duela Eusko Jaurlaritzak ez duela kolektibo guztien egoera hobetzeko borondaterik.
Hemezortzi urte ditu indarrean daukaten lan hitzarmenak, eta mahai sektoriala irailaren 30ean biltzekoa da. Sindikatuek, ordea, salatu dute ez dutela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren "inolako proposamenik" jaso hitzarmena eguneratzeko. Hortaz, "benetako edukiak jorratzeko eta proposamen zehatz eta sakonak egin ditzala" eskatu diote. Afera asko "blokeatuta" daudela esan du ELAko bozeramaile Esther Saavedrak: "Azken hamazortzi urteetan soilik Osakidetzaren onerako zirenak negoziatu dira".
Greba mugagabe bihurtzeko aukera
Bost greba egun deitu badituzte ere, gehiengo sindikalak ez du baztertu greba mugagabeari ekiteko aukera, Osakidetzak lan hitzarmena eguneratzeko aurrerapausorik egin ezean. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, gainera, lan hitzarmen eguneratu horrek izan beharko lituzkeen gutxieneko baldintzak adostu dituzte: lanaldi arrunta murriztea, kolektibo guztien ordainsariak eguneratzea, irizpide bateratuak aplikatzea eta langileen arteko ezberdintasunak ezabatzea, besteak beste.
Gainera, uztailean medikuekin sinatu zituzten lan baldintzak "behin behinean" Osakidetzako langile guztiei ezartzea eskatu dute sindikatuek, "euren egoerarekin bateragarriak badira".