Udaltzaingoaren erabilera politiko interesatua

  • Ertzaintza eta Udaltzaingoa nahastea ez da irtenbidea.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Apirila iristearekin batera, udaltzain eta ertzain oposizio bateratuaren 34. promozioak formakuntza hasi behar du Arkautin hilaren bukaeran, eta beste behin ere, Donostiak galera izugarria izango du bere Udaltzaingoaren plantillan.

Egun, Donostiako Udaltzaingoan lanean ari diren beste hamabost udaltzainek alde egingo dute aipatutako promoziora. Are larriagoa da arazoa, kontuan hartzen badugu hamabost horietatik lau udaltzain dagoeneko Donostiako Udaltzaingoan funtzionario izendatutakoak direla. Bertan plaza hartu, bederatzi hilabeteko formakuntza egin, Donostian lanean hasteko arropaz eta materialez hornitu eta, ondoren, alde egingo dute. SZKU, irrati operadore eta atestatutako formakuntza jaso eta urtebetera, praktikak amaitu ondoren, beraien bizilekuetatik gertuago dauden udalerrietara joango dira lanera, dagoeneko behin eta berriz gertatu den moduan.

LABen aldetik, behin eta berriro salatu izan dugu Donostiako Udaltzaingoak jasaten duen galera iraunkorra Arkautiko Polizia Akademiako oposizio bateratuen menpe dagoelako gertatzen dela eta horri amaiera emateko bidea egon badagoela, dagoeneko EAEn beste zenbait udaletan erakutsi den moduan.

Joan den martxoaren 11n, Donostiako alkatea mahaiburu zela izan zen bileran, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren elkarlana goraipatu zuten udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Udaltzaingoko agintariek segurtasunaren izenean: patruila bateratuak, prestakuntza planak eta Egiako komisaria proiektuaren garrantzia azpimarratu zituzten, eta etorkizuneko bidea izan zitekeela iradoki zuten.

Donostiako Udaltzaingoa Ertzaintzak dituen gabeziak konpontzeko edo estaltzeko eta eskuinaren zein eskuin muturraren presio politikoa baretzeko erabiltzen ari da EAJ

Delituen portzentai eta kopuruaren beherakada adierazi duten datuekin batera, “Euskal Polizia” ere behin eta berriz aipatzen zutela ikusi genuen aldizkarietan. Donostiak ez du Udaltzaingoa eta Ertzaintza nahasten dituen “Euskal Polizia” behar. Donostiak behar duena kalitatezko udaltzain zerbitzua izatea da, auzoetara iristen dena, gertukoa izango dena eta euskalduna.

Baina errealitatea, tamalez, beste norabide oker batetik doa aurrera. Promozio guztietan alde egingo duten udaltzainak formatzen jarraitzen dugu. Ez dugu Donostiako Udaltzaingorako berezko lan poltsarik sortzen Donostiako Udalean. Eta arazo estruktural larriei ez diegu benetako irtenbiderik ematen. Atal txikiak osatu gabe eta etengabe formatutako udaltzainen galerari amaierarik eman gabe, ez dago egungo tendentzia iraultzerik.

“Euskal Polizia” benetan indartzea Udaltzaingoari dagokio ala betebehar hori Ertzaintza eta Udaltzaingoa nahastuz beste batzuen beharrak asetzeko eginiko proposamena da? 

Arazoak al ditu EAJk 8.000 ertzainen helburua betetzeko, 7.000ko muga psikologikotik jaitsi denean? Horri irtenbidea emateko bidea da honakoa?

Egia al da Egiako Komisaria mistora 25 udaltzain bidaliko dituela Donostiako Udalak, Morlanseko Udaltzaingoaren Komisaria nagusian dauden arazoak konpondu gabe? Hori al da EAJren etorkizuneko polizia eredua, eredu mistoa? Noiz beteko du Martin Ibabek udaltzainoi duela hiru urte emaniko hitza? Izan ere, Martin Ibabek Donostiako Udalak Udaltzaingoaren plantilla handitzeari urtero ekingo ziola zin egin zigun, baina ez dugu horrelakorik inondik inora ikusi geroztik...

Donostiako Udaltzaingoa Ertzaintzak dituen gabeziak konpontzeko edo estaltzeko eta eskuinaren zein eskuin muturraren presio politikoa baretzeko erabiltzen ari da EAJ, segurtasun datuak modu interesatuan erabiliz, gainera.

Jon Insausti Alkate jaunak EAEko agintariekin Donostiako Udaltzaingoaren Komisaria nagusian argazki politak ateratzeko joera alde batera utzi beharko luke eta udaltzainekin, langileen ordezkariekin eta herritarrekin gehiago hitz egin, Udaltzaingoa eta Udaltzaingoaren zein atal nola indartu behar dituen jakiteko.

EAEk badu bere “Euskal Polizia”: Ertzaintza. Beraz, konpon ditzala Bingen Zupiria sailburuak bere polizia indarrarekin dituen arazoak Donostiako Udaltzaingoa modu maltzurrean erabili gabe. Ertzaintzako azken hauteskunde sindikalak Euspelek irabazteak zer esan handia du, zalantzarik gabe.

Egoi Aldalur eta Ibon Ostolaza, Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikalaren izenean

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.