Santurtziko udaltzainek ez zuten Anderren egoera ongi ebaluatu eta anbulantzia ordubetera iristea eragin zuen

  • Osakidetzak informazio berria argitaratu du hautsak harrotu dituen Santurtziko gaztearen heriotzaren inguruan. Taser pistolekin tiro egin eta ia bi ordura eraman zuten erietxera, eta bertan hil zen bi egunera.


2026ko irailaren 11n - 11:50
Azken eguneraketa: 2026-09-15 14:57
Justizia Anderrentzat plataformak eginiko mobilizazioa Santurtzin, uztailean. Gedar
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

EH Bilduk hala eskatu ondoren argitara atera du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek Ander S.T 30 urteko santurtziarraren heriotzaren inguruko txostena. Haren arabera, ekainaren 22an taser pistolarekin tiro egin ondoren udaltzainek ez zuten ongi ebaluatu gaztearen egoera, eta horrek lekura anbulantzia bat bidaltzea eragotzi zuen. Immobilizatu eta ordubetera iritsi zen larrialdietako anbulantzia, Ander konorterik gabe zegoela, eta bi egunera hil zen erietxean.

Bideo batean, Justizia Anderrentzat Herri Plataformak gertakariaren nondik norakoak azaldu zituen abuztuaren amaieran. Plataformaren esanetan, agerraldi psikotikoak edukitzen zituenero Udaltzaingoaren komisariara jo ohi zuen, laguntza eske. Egun horretan, ordea, lagundu ordez borrak eta taser pistola erabilita, udaltzainek immobilizatu egin zuten santurtziarra, konorterik gabe geratu arte. 

Santurtziko Segurtasun zinegotzi Imanol Urrutxuak, ordea, taser pistolak "erasotzailea mendean hartzeko" erabili zituztela adierazi zuen: "Ez dago inolako zantzurik pentsarazten digunik agenteek gaizki jokatu zutela". Gainera, Santurtziko udaltzainburuak dimisioa eman zuen abuztuaren hasieran, "arrazoi pertsonalak" argudiatuta, baina herrian hautsak harro dituen bi gertakari zituela atzetik: Anderren heriotza eta udaltzain lanpostu bat betetzeko prozesuan irregulartasunak egon ote ziren martxan jarritako ikerketa.

Udaltzaingoaren esku hartzea

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak emandako informazioaren arabera, ia bi ordu igaro ziren Santurtziko udaltzainek SOS Deiaki lekura anbulantzia bat bidaltzea eskatu ziotenetik Ander erietxean artatu zuten arte: 16:07an egin zuten deia, eta 18:03 artatu zuten erietxean.

Lehen dei hori egin eta gutxira, larrialdi zerbitzuek gaztea nola zegoen azaltzeko eskatu zien udaltzainei: "Atxilotutako pertsona lasai dago, baina eskuak eta hankak urratuta ditu", erantzun zien. 17:03an berriz deitu zuen Udaltzaingoak SOS Deiakera, oraingo honetan adieraziz Ander ia konorterik gabe zegoela.

17:15ean iritsi zen anbulantzia lekura, eta bertako langileek esan zuten egoera "nabarmen okertu" zela. Hortaz, ZIU unitate mugikor bat eskatu zuten, lekura 17:32an heldu zena. Orduan eraman zuten Gurutzetako (Barakaldo) ospitalera.  

EH Bilduren kezkak

Osakidetzak emandako informazioak "zalantzak argitu ez baizik eta areagotu egiten dituela" adierazi du Santurtziko EH Bilduk. "Zergatik ez zien ohartarazi udaltzainek larrialdi zerbitzukoei taser pistola bat erabili zutela Anderren aurka? Zer gertatzen da 41 minututan pertsona bat 'lasai' egotetik 'ia konorterik gabe' egoteraino?", galdetu du EH Bilduk.

Bestalde, Bortizkeria eta inpunitate polizialari ez! lelopean, Justizia Anderrentzat Herri Plataformak mobilizazioa deitu ostiral honetan, 18:00etan Mamariga auzoko Vallejo plazatik.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.